Donostia – “Aurreko denboraldian une ikaragarriak bizi izan genituen: 80 puntu egin genituen, sail askotan marka guztiak hautsi genituen, baina tamalez, azken egunean huts egin genuen. Hori ezin da ahaztu, noski, baina aurrera egin behar da; eta ea, iaz bezala, igoera jokoan dagoen partidetan egotea tokatzen zaigun. Hor egoteko lan handia egin behar izaten da, talde gehienek ez baitute horra iristea lor-tzen. Borroka horretan ibili nahiko genuke berriz, eta behin hor egonda, helburua zein den gauza jakina da. Helburua urrun dago oraindik, eta lehenik eta behin, denboraldiaren hasieratik erakutsi beharko dugu, igoerarako txartela ematen duten sei postu horietan sartzeko lehian egotea merezi dugula. Iaz ongi egindako guztia errepikatu beharko dugu, gauza asko egin baikenituen ondo, eta asmatu ez genuenetan hobetu”.

Eibarrek bihar egingo du debuta Ipuruan Teneriferen aurka (17.00etan). Entrenatzaile armaginak adierazi zuenez, “denboraldi-aurrea ondo joan da. Garai polita da, baina guri partidak gustatzen zaizkigu. Lehiatzea gusta-tzen zaigu, talde lehiakorra gara, eta larunbatean garaipen batekin hasi nahiko genuke, iaz mailaz igotzeko zorian egon zen aurkari on baten aurka, eta horretarako, gauzak oso ondo egin beharko ditugu”.

Garitanoren ustez, taldeak iaz baino itxura hobea erakutsiko du lehen jardunaldietan: “Iaz hutsetik hasi ginen, talde guztiz berriarekin, eta lan guztia hasieratik abiatu behar izan genuen. Jokalariak oso azkar egokitu ziren, ordea, eta berehalakoan harrapatu genuen errendimendu egokia. Aurten abantaila badugu, jokalari askok gurekin jarraitzen dutelako, eta defentsako zein erasoko mekanismoak eta taldeko lana nahikoa barneratuta ditugulako. Etorri diren berriek egokitu egin behar dute, batez ere garaile sena barneratuz. Gehienak Eibarren azpitik sailkatu diren taldeetatik datoz, eta hemengo eskaera, aurreko klubetan izan dutena baino handiagoa da. Hemen irabazi egin behar da; eta denboraldi-aurrea ondo etorri zaigu, jokalari horiek ikas dezaten, edonoren aurka jokatuta ere, helburu bat eta bakarra irabaztea dela”.

Entrenatzaile bizkaitarrak zale armaginen ohiko laguntza izatea espero du, noski: “Iaz une ikaragarriak bizi izan genituen zaleekin, eta berriz errepikatzea nahiko genuke. Eta horretarako, taldeak goiko postuetan borrokatu behar du. Ondo ibili garenean beti izan dugu jendearen babesa, eta kolpeak jaso ditugunean ere hortxe egon dira, eta egongo dira. Abuztua da, ordea, eta jende asko egongo da Eibartik kanpo, baina dauden lekuetatik ere animatuko gaituzte. Denok bat eginda egon behar dugu: taldea, zaleak, kluba. Horixe baita gure indarra; indar hori ez du beste inork, eta zaindu egin behar dugu”. – M. Tolosa