Realak 2-0 galdu zuen atzo Zubietan sailkapenean azkena den Valentziaren aurka. Azken asteetako gidoia errepikatu zen partidan txuri-urdinak galtzaile izan ziren beste behin, eta bolada txarra eten ezinik jarraitzen dute. Elene Letek ez zuen jokatu Sanchez Veraren erabakiagatik, eta Arrulak jokatu zuen hasierako hamaikakoan.
Donostiarrek indartsu ekin zioten partidari eta Mirarik izan zuen lehen aukera, baina Canalesek ondo gelditu zion ezkerkada bortitza. Berehala, 6. minutuan Martik baloia lapurtu zuen eta, korrikaldi luzea eginda, baloia dotore gurutzatu zuen bisitariak markagailuan aurreratzeko.
Txuri-urdinek berehala erantzun zuten eta Amaiur berdinketa lortzear egon zen atezaina gainetik gaindi-tzen saiatuta, baina baloia langa gainetik joan zitzaion. Aukerarik onena handik gutxira etorri zen, Nerea Eizagirrek (Kerllyk nabarmen eskuarekin ukituta) eragindako penalti batekin, baina kapitaina ez zen hamaika metroetatik gola sartzeko gauza izan. Gipuzkoarrei kosta egin zitzaien erreakzionatzea eta valentziarren bigarren gola hurbilago izan zen berdinketa baino, batez ere Aparik atepetik atera zuen Browneren burukada batekin.
FITXA
Real Sociedad 0
Valencia 2
REAL SOCIEDAD Arrula, Emma (Franssi, 46. min.), Etxezarreta, Apari, Cecilia, Andreia, Lezeta (Lorena, 76. Min.), Cahynová, N. Eizagirre (kap.) (L. Pardo, 46. min.) Amaiur (Intza, 46. Min) eta Mirari (Agirrezabala, 46. Min.).
VALENCIA Canales, Kerlly R., Florentino, M. Carro (kap.), Marques, Simon (Asun, 56. min.), Tamarit (Ainhoa, 56. min.), Aida (Emma, 90. min.), M. Martí, Browne (Yasmin, 56. min.) eta Anita Marcos (Mascarell, 88. min.).
Golak 0-1: M. Martí, 6. min. 0-2: Emma, 92. min.
Epailea Pelaez Arnillas. Txartel horiak atera dizkie Realeko Lezetari eta Marques bisitariari.
Jazoerak F Ligako 27. jardunaldiko partida, Zubietan.
Txuri-urdinak nagusi
Txuri-urdinen nagusitasuna areagotu egin zen aldageletatik itzuli ondoren, baina apenas izan zen aukera garbirik. Canalesek ongi harrapatu zuen Ceciliaren ezkerkada bat izan zen donostiarren jokaldi arriskutsu bakanetakoa. Onena azken txanpan etorri zen, Lorenak korner baten irteeran egindako burukada batekin, baina atezainak, gelditu ikusgarria eginda, baloia urruntzea lortu zuen. Luzapenean, irten berria zen Emma bisitariak, eskuadran bertan jarri zuen baloia, ukitu duen lehen baloian, partida erabakita uzteko. Beste porrot bat, beraz, eta Realeko neskak zazpigarren postuan geratu behar. Datorren larunbatean izango du Realak garaipenen bidera itzultzeko beste aukera bat Espanyolen aurka.
Aiara Agirrezabalak debuta egin zuen lehen taldearekin. Berastegikoak 16 urte besterik ez ditu eta atzelaria da. Bestalde, Ane Etxezarretak bere 200. partida jokatu zuen kamiseta txuri-urdinarekin.