Superkopako zortzigarren edizioko finalerako txartela Sporting de Huelvaren aurka lortu beharko du emakumezkoen Realak. Lauko Final formatuan erabakiko da torneoa Meridako Romano José Fouto estadioan, eta bihar beste txartela jokoan izango duten Bartzelonak eta Real Madrilek ere hartuko dute parte.

Talde gipuzkoarrak iazko Ligako txapeldunorde izanda lortu zuen parte hartzeko eskubidea, baina aurtengo denboraldian ez dabiltza aurrekoan bezain fin. Izan ere, txuri-urdinak seigarren dira sailkapen-taulan 22 punturekin, eta joan den astean bi porrot kateatu dituzte, Kopan Atletico Madrilen aurka eta Ligan Valen-tziaren zelaian; porrot horiek ahaztu asmoz zelairatuko dira gaurkoan.

Liga txapelketari erreparatuz gero, Realaren bolada txarra kezkatzeko modukoa da, azken lau partidetatik hiru galdu baititu: Bartzelonaren aurka (2-1), Levanterekin (3-4) eta joan den igandean Valentzian (2-1). Garaipen bakarra erdietsi du Ligako tarte honetan, eta Zubietan lortu zuen sailkapenaren zuloan dagoen Alhamaren aurka (2-1), galtzen hasi eta emaitza iraulita.

Harritzekoa bada ere, galdutako partida horietan guztietan aurretik hasi ziren markagailuan txuri-urdinak, beraz, abantaila administratzeko gai izatea izango dute helburu, ihes egiten dieten norgehiagoka horiek bestela amaitu daitezen. 

Huelvako taldearen aurka denboraldi honetan jokatu duten partida bakarrean ere aurreratu egin zen talde gipuzkoarra, baina norgehiagoka hura 0-2 irabazi zuten etxetik kanpo, Amaiur Sarriegik eta Synne Jensenek sartutako golei esker.

Gauzak horrela, Realarengandik bost puntura Ligako bederatzigarren postuan dagoen Sporting de Huelvak, mendekua hartu nahiko du, Kopako txapeldunorde izategatik jokatuko duen txapelketan.

Andaluziarren kasuan, azken bost partidetatik bakarra irabazi dute, abenduaren 11n Vila-reali 2-3 irabazita. Gainerako partidetan hiru berdinketa lortu dituzte Alavesen aurka (2-2), UDG Teneriferekin (2-2) eta Betisen kontra (0-0), eta ohikoa den porrota Bartzelonaren aurka (0-3).

Beraz, talde biak emakumezkoen futbolean sona handikoa den finalera iristen ahaleginduko dira, eta bide batez, azken bolada eskasei amaiera ematen. Emoziorako osagai guztiak zelaian.