Realak Erregina Kopako final zortzirenetako kanporaketari helduko dio lesioez josita gaur Atletico de Madrilen aurka, 18.30etan hasita, Zubietan, partida bakarrera jokatuko den kanporaketan.

Helburu antzekoak dituzten bi talde izango dira aurrez aurre, erregulartasun eskasa dela eta boladarik onenean ez daudenak, eta, gainera, kanporaketa honetara baja ugarirekin iritsiko direnak. Ligan Atletico laugarren da 27 punturekin; Reala, berriz, seigarren 22rekin, partida bat gutxiago jokatuta.

“Argi dago Atletico aurkari gogorra izango dela, finalista izateko hautagaia, baina ez zait iruditzen Reala tokatzea ospatuko zutenik”, adierazi zuen atzo Natalia Arroyo entrenatzaile txuri-urdinak kanporaketaren atariko prentsaurrekoan. “Partida erakargarria da, hurrengo txandara pasatzeko helburua duten bi talde sendo izango gara aurrez aurre”, aitortu zuen. Ezin ahaztu, noski, Kopa dela Realak bere palmaresean duen titulu bakarra, eta hain zuzen ere, Atletico Madril Granadan mendean hartuta lortu zuela orain bi urteko finalean. Natalia Arroyori garrantzitsua iruditzen zaio “etxean jokatzea”, partidak pilatuko diren une honetan, “bidaia bat aurrezten duelako”. Gainera, zaleen animoek “hauspoa ematea” espero omen du.

Manolo Cano entrenatzailea ekarri berri duen Atletico Madril “talde txukuna, oldarkorra” dela adierazi du, “estu hartu” eta “korrika eginaraziko” omen diena.

Neurketari aurre egiteko ez ditu eskura izango Realak, taldea utzi duen Specht erdiko atzelari alemaniarra, ez eta min hartuta dauden Olatz Santana, Andreia Jacinto, Allegra Poljak, eta joan den larunbatean eskuin belauneko gurutzaketa hautsi zuen Cecilia Marcos. Aldiz, Le Guilly joka-tzeko prest izango du, baita begian arazo bat zuelako aurreko igandean Alhamaren aurkako partida amaitu ezin izan zuen Gemma Gili ere.

Atletico Madrilen ez dira jokatzeko moduan izango Maitane Lopez eta Barbara Latorre Realeko jokalari ohiak, ezta Ludmila, Guerrero eta Barth ere.