1963. urtean sortu zen Lazkaoko San Benito ikastola eta Ikastola asko bezalaxe, klandestinitatean eman zituen lehen urratsak. Jaxinto Setien eta Aitor Muruamendiarazen ekimenez, Goierrin euskarazko hezkuntza eskaintzen zuen ikastetxerik ez zegoenean. Garai hartan, bi andereño eta hamabost ikasle besterik ez zituen. Gaur egun, berriz, 0tik 18 urtera bitarteko 1.200 ikasle hartzen ditu eta handitzeko prozesuan dago, izan ere, DBH eta Batxilergoko eraikin berria eraikitzeko proiektua du.

Xabi Maiza San Benito ikastolako zuzendari berriaren hitzetan (aurten hartu du zuzendari ardura), “konpetentzietan oinarritutako metodologia izanik, beharrezkoa da gure instalazioak horri egokitzea. Eraikin berriak, beraz, etorkizuneko erronkei erantzutea du helburu, lan egiteko eta antolatzeko modu berriei eta digitalizaziori erantzuna emanez”.

Ilusioa eta elkarlana

Jakintza (Ordizia) eta Andramendirekin (Beasain) batera, aurtengo Kilometroak antolatzeko ardura hartu du San Benito ikastolak. Elkarlana da honako edizioa ondoen definitzen duen hitza. “Ilusio handiz ekin genion. Honakoa edizio berezia izango da eta ikastola bakar batek hartu beharrean ardura, hiruon artean egin dugu”, esan du Xabi Maizak. Elkarlan horren erakusle, Kilometroetako lekukoa Goierriko hiru ikastoletatik igaroko da bihar: alegia, Lazkaoko San Benito ikastolatik abiatuko da Beasainera bidean, handik Beasaingo Andramendi ikastolak Ordiziako Jakintza ikastolaraino eramango du eta, azkenik, bertan, ekitaldi nagusian, Ibarrako Uzturpe ikastolak jasoko du.

Egun handia bihar ospatuko bada ere, iraila osoan zehar antolatu dituzte hainbat ekintza: bertso saioak, Kilometroen erakusketa ibiltaria (aste honetan Lazkaon egon da), eta abar. Gaurko eguna ere berezia izango da Lazkaon, Eneko Dorronsoro eta Fredi Pelaezen kontzertua egongo baita.

Bestalde, ikastola barruan ere hainbat ekimen antolatu dituzte giroa sor-tzeko. “Kilometroak zer den erakusteko asmoz, ibilbide txiki bat prestatu dugu Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleek egin dezaten segurtasun neurri guztiekin, alegia, gelaka, burbuilak mantenduz, etab.”, azaldu du.

Ikastolen elkarteko Bihar egitasmoaren barruan, zeinak etorkizuneko ikastolaren oinarriak zehaztea duen helburu, aste honetan oinarri horiei buruzko foroak antolatu dituzte hiru ikastoletan eta San Beniton inklusioa izan dute hizpide. “Inklusioa ikuspegi ezberdinetatik aztertzeko asmoz, 40 lagun elkartu gara ikastolan. Inklusiorena kontzeptu konplexua da eta sakon aztertzea merezi du. Inklusibo hitza egokia ote den ere aztertu beharko genuke, zerbaiten barruan sartu behar izatea iradokitzen duelako. Horregatik garrantzitsua irudi-tzen zaigu ikuspegi eta bizipen ani-tzetatik heltzea, zergatik, nola edo zeren baitan egin behar dugun argi-tzeko”, azaldu du Maizak.