Koronabirusaren pandemiak "aukera berriak zabaldu” dizkielakoan dago Mikel Egibar Kilometroak Kultur Elkarteko koordinatzaileak: “Lau urteko hausnarketaren ondoren, 2020. urtean eredu berria martxan jartzea zen asmoa, baina pandemia etorri zen eta ezusteko egoerara moldatu behar izan genuen. Argi dago pandemiak mugak jarri dizkigula jaialdia nahi bezala ospatzeko orduan, baina bide berriak ere zabaldu dizkigu. Izan ere, egindako hausnarketan argi gelditu zen Kilometroak ez dela eredu zurruna izan behar, urtero urtero errepikatzen dena, baizik eta doitu egin behar dela ikastola eta herri bakoitzaren izaerari. Zentzu horretan, pandemiak horretara bultzatu gaitu, alegia, uneoro jaialdia egoki-tzeko gaitasuna izatera. Amasa-Villabona-Zizurkilen iaz egindakoa horren erakusle izan zen, izan ere, egoerara egokitutako programa antolatu baikenuen. Erronkari heldu eta Kilometroak ospatzea lortu genuen”, esan du.

Aurtengoa, gainera, edizio berezia izaten ari da, Goierriko hiru ikastola ari baitira antolakuntza lanetan. Egibarren aburuz, “ariketa interesgarria izaten ari da eredu berriaren ezarpenerako. Izan ere, argi dugu Kilometroak ekimenaren xedeetako bat euskal komunitatea sendotzea dela, baina baita elkarlana eta auzolana sustatzea. Indarrak batu behar ditugu, elkarrekin proiektuak gauzatu. Hortik dator, hain zuzen, aurtengo leloa Batera, bagara, bat gara. Bestalde, pandemiaren ondorioz jendearen partaidetza mugatua denez, toki bakar batean egin beharrean, hiru herritara zabaltzea positiboa izan da”. Biharko egunari dagokionez, eredu berriari jarraiki jai parte hartzailea diseinatu dutela adierazi du, haur eta gazteei zuzendutakoa. “Ez da egongo kontzertu edo txosnarik, euskaraz jolasteko aukera paregabea izango da Igartza parkean (Beasain), Barrena parkean (Ordizian) eta Lazkaoko plazan”.

Datorren urtera begira, itxaropentsu azaldu da Egibar, eta Kilometroen eredu berria behar bezala abiarazteko edizioa izango dela uste du. “Urte osoko dinamika izatea eta herriko eragileekin batera antolatzea da xedea. Zentzu horretan, Ibarra herri txikia da eta ikastola bakarra du, beraz, komunitatea estuki lotuta dago ikastolarekin. Bestalde elikadura osasuntsuak pisu berezia izango du datorren urteko edizioari begira”, aurreratu du.