Síguenos en redes sociales:

Etxebizitzen salerosketak bultzada handia izan du 2024an

Etxebizitzen salerosketak bultzada handia izan du 2024anMarta Hernández

Urtearen bigarren erdian antzemandako etxebizitzen salerosketen azelerazioak, transakzioetan historikoa izan daitekeen 2024a aurreikusten du. Tasen beherapenak eta finantzaketaren merkatzeak, eskari handiak eta prezioen igoera handiagoen beldurrak nabarmen bizitu dute merkatua. 2024an zehar, gorabehera handiak izan dira etxebizitzen salerosketari dagokionean. Hasiera batean uzkurtu egin zen, inflazioari eusteko Europako Banku Zentralak (EBZ) interes-tasak garestitu zituelako, eta, ondoren, ekainetik aurrera, berriro piztu zen diru-austeritatearen zikloa amaitu eta tasen jaitsieren aurrean hipoteka gehiago emandakoan.

Merkatu horretan badu eraginik, gainera, Espainiara iristen diren etorkinen fluxuak ere, egungo eskaintza ez baita eskariari erantzuteko behar adinakoa. Bistakoa den desoreka hori 2025ean ere mantentzea espero da, eta alokairuan ere nabarmen antzematen da, eskaintza eskasaren aurrean prezioek garestitzen jarraitzen baitute. Gorakada hori eragiten duten beste faktore batzuk honako hauek dira: baldintza hobeen zain dagoen eskaria, enpleguaren erresistentzia, inflazioaren moderazioa, aurrezpen handiagoa, atzerriko eskari handia, batez ere gune turistikoetan; etxe bakoitzeko kide kopuruaren murrizketa, baita etxebizitza erostera bideratutako abal-politikak ere.

Espainiako Bankuak eskainitako kalkuluen arabera, milioi erdi inguru etxebizitza berrien defizita omen dago, 2025era arteko zifra hori apirilean 600.000koa zela aipatu bazuen ere. Proiekzio demografikoak eta migrazio-fluxuak zehazterako orduan ziurgabetasuna dagoela azpimarratu du erakundeak, baina inolaz ere, bizitetxe unitateak sortzeko erritmoan dezelerazioa antzematen hasi omen dira, eta joera horri eutsiz gero, litekeena omen da etxebizitza berrien defizita murriztea.

INEren azken datuek erakusten dutenez, azken bi hilabeteetan 60.000tik gora etxebizitzen salerosketa burutu dira jarraian. 2008ko urtarrilera egin behar dugu atzera 60.000 eragiketa baino gehiago (61.825) izandako hilabete bat topatzeko.

Aurten, salerosketa jaisten hasi zen aurrena, apiriletik aurrera gorabeheratsu ibili zen, eta uztailaz geroztik, tasen jaitsierekin batera, etengabe hazi da, batez ere irailean eta urrian. Etxebizitza Ministerioaren eta Hiri Agendaren datuak aztertuz gero, lehen hiru hiruhilekoetan 515.813 etxebizitza saldu dira, eta bigarrenean 190.000 inguru; hori 2022ko erdialdetik hona izandako kopururik handiena da, eta bigarren eskuko salmentek bultzatu dute.

Ministerioak esku artean gordeta duen seriearen arabera (2004an hasi zen horretan), hiruhileko bateko salerosketa-kopururik handiena 2006ko bigarrenean jaso zuten (251.649 eragiketa), eta txikiena 2013ko lehenengoan (54.835). Urtebeteko ekitaldi oso bat kontuan hartuta, etxebizitzen salerosketak 2006an lortu zuten mailarik altuena, merkatuan milioi bat etxebizitza inguru saldu zirenean. Minimoa, berriz, higiezinen burbuila lehertu eta 2023an ezarri zen, 300.000 transakziorekin. Fotocasaren iritziz, 2007az geroztiko bigarren urterik onena izango omen da 2024, 620.000 eragiketa ingururekin, eta 2025erako apur bat igotzea aurreikusten du; Idealistak, berriz, ez du datorren urterako igoera nabarmenik espero eskaintza falta dela eta. Solviaren esanetan, aurten %2 eta %3 arteko igoerarekin amaituko da, eta berdintsu mantenduko da 2025ean ere. Datorren urtean salerosketak 600.000 ingurutan egonkortuko direla uste du Bankinterrek, milioi erdiko batez besteko historikoaren oso gainetik.