Ostiral honetan argitaratutako txosten baten arabera, urriaren lehen erdian 2023ko aldi berean baino %26,6 merkeagoa izan da argia. Gai horretan adituak direnek azaldu dutenez, irailaren hasieratik ekaitzak eta haizea etengabe sartu izanaren ondorioa omen da. Horri esker, urte sasoi honetan ohikoa izaten dena baino askoz handiagoa izan da eolikoaren energia-sorkuntza Espainiar Estatuan.

Urriaren erdialdean, argindarraren eguneko prezioa %9 jaitsi zen Espainiako handizkako merkatuan (pool) irailaz geroztik, MW/h 66 euroraino. ASE Taldeko analisten arabera, beherapen hori eolikoaren bultzadari zor zaio, denbora tarte horretan %147 hazi baita.

Irailean, %17,8an gainditu da azken bost urteetako batez bestekoa, eta, urrian ere, batez besteko hori baino %17,4 gorago dabil. Indar eolikoa batez beste 191 GWh sortzen ari da egunero, mix elektrikoaren buru kokatuz, Estatuan ekoitzitako elektrizitate guztiaren %28,7 sortu baitu. Ondoren, energia nuklearra dator %22,9rekin.

Bestalde, inbertsio fotovoltaikoa %20 hazi da azken urtean, 29.376 MW instalatu direlarik; ASEren iritziz, litekeena omen da datozen hilabeteetan eolikoa (31.620 MW) gainditzea, potentzia instalatuko lehen teknologia bilakatuz.

Urritik geratzen zaigunerako, datozen egunetan prezioa “egonkor” mantenduko dela uste dute analistek, baina datorren asteko astelehenetik aurrera goranzko joera izango omen du, MW/h-ko 100 eurotik gorako preziora iritsiz, egun horietan haize-sorkuntza moteltzea aurreikusten dutelako.

Eolikoaren eta fotovoltaikoaren aurrerapena erabat eraldatzen ari da merkatu elektrikoa, prezioa gero eta gehiago baldintzatzen dutelako teknologia berri horiek. Inolaz ere, klimatologiak izugarri baldintzatzen ditu energia-iturri horiek, eta horrek gorabeherak ekartzen ditu hegazkortasunean eta ordutegi-prezioen kurban.

Energiaren kostua merkatu lehiakor (pool) batean finkatzen da. Bertan, egun bateko aurrerapenarekin, aurreikusitako eskaerari erantzuteko elektrizitatea asetzeko eskain-tza egiten dute energia-iturri desberdinek. Haizearen kostua zero denez, energia eolikoaren ekoizleek beste batzuek baino merkeago eskain dezakete elektrizitatea. Horregatik, merkatu elektrikoaren prezioa jaitsi egiten da egun haizetsuetan, erregai garestiagoak behar dituzten teknologien kaltetan.