EAEko familien batez besteko gastua % 4 igo zen iaz, 36.331 eurora iritsi arte, eta etxebizitza izan zen partida nagusia, gastu osoaren herena baino gehiago hartu baitzuen. Zifra orokor horren arabera, Euskadi gastu altuena duen hirugarren erkidegoa da, Balear Uharteen (39.081 euro) eta Madrilen (37.360 euro) atzetik, eta Estatuko batez bestekoaren (32.617 euro) gainetik. Espainiako Estatistika Institutuak ostegun honetan argitaratutako Familia Aurrekontuen Inkestaren arabera, etxebizitza, ura, argindarra, gasa eta beste erregai batzuen gastua izan zen aurrekontu handiena eraman zuena: 12.849 euro batez beste, aurreko urtean baino % 4,5 gehiago.
EAEko familiek gehien gastatu zuten hurrengo partida elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak izan ziren: 5.714 euro eta % 5eko igoera. 2023an, euskal familiek 3.306 euro bideratu zituzten garraiora, aurreko urtean baino % 0,7 gutxiago.
Aisialdiko gastua, gora
Igoera handiena aisialdiari eta kulturari eskainitako aurrekontuan izan zen, % 21,6koa, 1.744 euro izan baitziren, batez beste. Jatetxeetarako eta hoteletarako partida ere batez bestekoaren gainetik hazi zen, 4.088 euroraino, hau da, % 6,2ko igoera izan zuen.
EAEko familiek 1.272 euro gastatu zituzten iaz osasungintzan, 2022an baino % 5,8 gehiago.
Etxeetako batez besteko gastua aldatu egiten da, jakina, kide kopuruaren arabera: 24.408 euro (biztanle bat) eta 48.960 euro (lau edo gehiago).
Etxe bakoitzeko batez besteko gastuan Euskadi ez dago buruan, baina batez besteko gastuan bai, 15.570 eurorekin, Balear Uharteen (14.769) eta Madrilgo Erkidegoaren (14.650) aurretik. Pertsonako batez besteko gastua % 4,5 igo zen Euskadin, eta Espainiako batez bestekoa (13.120 euro) baino % 18,7 handiagoa izan zen.
Aitzitik, Extremaduran (11.103 euro), Kanarietan (11.373) eta Murtziako Eskualdean (11.620) izan dira batez besteko gastu txikienak.
Euskadin, pertsonako batez besteko gastua Estatuko batez bestekoa baino %18,7 handiagoa izan zen, eta Extremaduran, berriz, %15,4 txikiagoa.
Estatuan, etxe bakoitzak 32.617 euro gastatu zituen batez beste, aurreko urtean baino %3,8 gehiago. Bestalde, pertsonako batez besteko gastua 13.120 eurokoa izan zen, %4,3ko igoerarekin.