Bere 18. edizioa jarri du martxan Mobile World Congressek (MWC) Bartzelonan. Pandemia aurreko garaiko zifrak espero dira, eta protagonista nagusia adimen artifiziala izatea. Adin nagusitasunera iristerakoan, Mobile deitu ohi zaion azokak Asiako biltzarkide asko berreskuratu ditu, Covid-19aren garaian galdutakoak, 2.400 erakusketari izateraino.
Ekitaldiaren aurkezpenean kongresua antolatzen duen telefonia mugikorreko operadoreen GSMA patronalak 95.000 parte-hartzaile espero zirela adierazi bazuen ere, azken egunotan, John Hoffman kontseilari delegatuak 200 herrialde baino gehiagoko 100.000 bisitarien langa berriro gainditu daitekeela adierazi zuen – errekorra 2019ko 109.000 parte-hartzaileetan dago –; eta aipatu, atzokoan adimen artifiziala (AA) izan zela protagonista nagusia.
Horren harira, Espainiako Gobernuak adimen artifizialari buruzko Estrategia Nazionala “indartzeko” asmoa du, teknologia horrek azken hilabeteetan izan duen gorakada dela eta. Horretarako, 300 milioi euroko diru-laguntzak onartuko ditu “datozen asteetan”, ETEei arlo horretan aholkularitza eskaintzeko.
Mayte Ledo Digitalizazio eta Adimen Artifizialeko Estatu idazkariak, Adimen Artifizialaren Estrategia Nazionala (2023-2026) izan zuen hizpide. Estrategia horretarako 500 milioi euroko aurrekontua zegoela esan zuen, eta Pedro Sanchezen Gobernuak “indartu” egin nahi omen du, teknologia horrek azkenaldian izandako bilakaera kontuan izanda.
Aldi berean, enpresak digitaliza-tzeko abian jarritako Kit Digital programaren barruan, Gobernuak beste laguntza-deialdi bat egingo omen du AAean ETEei aholkuak emateko, bai eta 50-250 langileko enpresei zuzendutako beste bigarren lerro bat ere, teknologia horrekin datuetarako konponbideak gara-tzera bideratuko dena. Estatu idazkariak ez zuen gehiago zehaztu Adimen Artifizialaren Estrategia Nazionala indartzeko zer jarduera bultzatzeko asmoa duten, baina inbertsio batzuk indartu eta beste batzuk birbideratu egin beharko direla aipatu zuen. Horretarako, hainbat ekimen aurreikusten ari omen dira, esate baterako gaitasun konputazionalak indartzea, eta, horren harira, Barcelona Supercomputing Center aipatu zuen, “abiapuntuko elementuetako bat” izan daitekeelakoan.
Hezkuntza ereduak
Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek, adimen artifizialeko hizkuntza eredu bat garatzeko proiektu bat iragarri zuen, gaztelaniaz eta hizkuntza koofizialetan, lankidetza publiko eta pribatuan, hain zuzen ere, Bartzelonako zentro superkonputazional horren eskutik.
Estatu idazkariak adierazi zuenez, azken urteetan arreta handia jarri omen da adimen artifizialaren ikerketan, baina orain teknologia horrek aplikazioen mundura jauzi azkarra egin duenez, “lan eraginkorragoa” egin beharko da. EBn aitzindaria den AAren Europako erregulazioaren Sandbox proba-zentroari dagokionez, erabilera-kasuak diseinatzeko lanean ari direla esan zuen, eta araudi hori aplikatzeko gida hortik sortuko dela, nahiz eta oraindik goiz samar izan xehetasunetan sartzeko, Estatu idazkariaren esanetan.