Balore Merkatuaren Batzorde Nazionala (CNMV) hasi omen da, Grifolsek bere kontabilitatearen inguruan bidalitako informazioa aztertzen, besteak beste, konpainia katalanak Scranton family office-arekin dituen loturak, eta ondorioak prest izateko aste batzuk beharko dituela jakinarazi du.

“Horrelako prozesuetan sarritan gertatzen denez, litekeena da azterketa horrek informazio argigarriak edo osagarriak behar izatea, eta, aztertzen ari garen gaien konplexutasuna kontuan izanik, ez litzateke harritzekoa izango aste batzuk behar izatea. Beraz, ezin dugu prozedura amaitzeko data zeha-tzik zehaztu”, esan zuten atzo erakunde ikuskatzailearen ordezkariek.

Inolaz ere, egoera “lehenbailehen argitu” eta jarduketen ondorioak ahalik eta lasterren argitara emateko asmoa azaldu zuten.

CNMVtik azaldu zutenez, Grifolsen finantza-informazioa berrikusteko prozesuaren ondorioz gerta omen liteke, hala badagokio, informaziorik falta izatea edo finantza-informazioaren datu edo magnituderen bat oker egotea. Horren gorabeheran, gerta liteke Grifolsek argitaratutako informazioa argi-tzeko, osatzeko, xehatzeko edo zuzentzeko beharra sortzea.

“Une honetan, jakina, ezinezkoa da inolako ondoriorik aurreratzea, ezta egungo faseari dagozkion jarduketei dagokienean ere; gaur egun eskuragarri dugun informazioarekin ez baitago ebidentziarik, Grifolsi buruz argitaratu eta auditatu den informazioa araudiaren araberakoa ez denik”, adierazi zuten Rodrigo Buenaventura buru duen erakundetik.

CNMVk argi azaldu nahi izan zuen, Europako araudiarekin bat etorriz, bere erakundeak dituen ahalmenek aukera ematen dietela jaulkitzaile baten kontuen alderdi espezifikoak geroago berrikusteko, kasu honetan gertatu bezala; bai eta, batzuetan, argitaratutako finantza-informazioan argibideak edo aldaketak eskatzeko ere.

Hala ere, euren esanetan, merkatu garatu guztietan gertatu ohi denez, geroago gainbegiratze-ahalmenak ez du ordezkatzen administratzaileek finantza-informazioan irudi fidela islatzeko duten betebeharra, ez eta auditoreek gai horri buruzko iritzi profesionala emateko duten betebeharra ere.

Grifolsen finantza-informazioa berrikusteaz gain, Gotham funtsaren jokabidea ere aztertzen ari da CMNV, haien txostenaren edukia, zabaltzeko modua eta lotutako merkatu-eragiketei dagokienean. Erakunde ikuskatzailearen arabera, jokabide hori merkatu-abusuari buruzko Europako arauekin bat ote datorren zehaztea da helburua, bereziki informazio engainagarria zabaltzeari buruzkoekin.

CNMVk argi adierazi du azterketa hori, nahitaez, Grifolsen finantza-informazioaren berrikuspenaren ondorioetatik elikatu beharko dela.

Halaber, erakunde ikuskatzaileak ez omen du antzeman, urtarrilaren 9tik gaur arte, inbertitzaileen artean informazio asimetrikoko egoera eragin lezakeen informazio pribilegiatu zehatzik argitaratzeke dagoenik. Horregatik azaldu dute ez dela beharrezkoa izan negoziazioa kautelaz etetea, informazio hori zabaldu bitartean. –