Biharko Gipuzkoa: etorkizunean nahi dugun lurraldea eraikitzeko gakoakIker Azurmendi
Digitalizazioa, desafio demografikoa, jasangarritasuna, belaunaldi erreleboa, berdintasuna… Handiak dira Gipuzkoak eskuartean dituen erronkak, bai maila sozialean, bai maila ekonomikoan, bai ingurugiroari dagokionean. Horren guztiaren inguruan hausnartzea izan da, hain zuzen, NOTICIAS DE GIPUZKOAk antolatutako Biharko Gipuzkoa jardunaldiaren xedea, non ekonomia eta gizarte eragileen ordezkaritza zabala bildu zen joan den abenduaren 14ean, Donostian.
"NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariak 18 urte
bete dituen honetan,
orain arte prentsak bizi izan duen eraldaketarik handienean gaude murgilduta: digitalizazioa"
“NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariak 18 urte bete dituen honetan, orain arte prentsak bizi izan duen eraldaketarik handienean gaude murgilduta: digitalizazioa. Transformazio digitalerako bidean aurrera egin behar izateaz gainera, beste desafio bat ere dugu ate joka: adimen artifiziala. Prentsarentzat ez dago atzera bueltarik. Etorkizunak zer ekarriko digun ez dakigu, baina argi dago egokitzeko gaitasuna ezinbestekoa izango dela aurrean ditugun erronkei heltzeko”, esan zuen Eduardo Iribarren NOTICIAS DE GIPUZKOA egunkariko zuzendariak.
Ondoren, María José Aranguren, Orkestrako zuzendari nagusiak lurraldearen indargune eta ahulezien inguruko erradiografia sozioekonomiko interesgarria eskaini zuen Lehiakortasun jasangarria biharko ongizateari begira izeneko hitzaldian. Ekonomia katedradunak esandakoaren arabera, demografikoa da Gipuzkoak duen erronka nagusia, izan ere, populazioaren zahartzeak arlo ekonomikoan eragina izateaz gainera, langile kopurua murrizten den heinean, ongizate sisteman ere inpaktu zuzena dauka, osasun arloaren eta pentsioen gastua handitzen duelako. “Gipuzkoa da Euskadiko lurralderik populatuena. Gaur egun, 720.000 biztanle ditu, eta horietatik %23, 65 urtetik gorakoak dira. Aldi berean, kanpoan jaiotakoen kopurua beste lurraldeetan baino txikiagoa da gurean”, argitu zuen. Hortaz, “belaunaldi erreleboa ondo prestatzea, zahartze aktiboa sustatzea, zaintza sistema indartzea eta zilarrezko ekonomia bultzatzea” dira dagozkigun erronkak, “lehiakortasuna eta ongizatea eskutik helduta doazen bi aldagai direla” ohartaraziz. Indarguneei dagokienez, prestakuntza eta ongizate maila altuak direla azpimarratu zuen Arangurenek.
Biharko Gizartea
Erronka demografikoari aurre egiteko estrategiak izan zituzten hizpide mahai-inguru honetako partaideek. Asier Aranbarri Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza Sozialeko zuzendariak azpimarratutakoaren arabera, “Agenda 2030 bide-orri funtsezkoa da inor atzean gelditu ez dadin”. Bestalde, kontziliazioa eta gazteen emantzipazioa sustatzeko neurriak aipatu zituen. 2024. urtean, esate baterako, 25 eta 29 urte arteko gazteei zuzendutako diru-laguntza berri bat bideratuko dela iragarri zuen, hilean 300 eurokoa.
Rakel San Sebastian Adinberri Fundazioko zuzendari nagusiak, berriz, “ohiko piramidea tradizionala desagertu den honetan, gizarte konplexuagoa kudeatzeko ardura" dugula ohartarazi zuen.
Cristina Ramos Donostiako Clara Campoamor elkarteko abokatuak genero berdintasuna izan zuen hizpide, eta gazteak balore berrietan heztearen garrantzian jarri zuen arreta.
Oihana Barandiaran Bihar kooperatibako Komunikazioko zuzendaria bat etorri zen Ramosekin eta zaintzaren sektorean ere berdintasuna sustatzeko garrantzia azpimarratu zuen. Ildo horretatik, sektorearen profesionalizazioa eta berrikuntza gakotzat jo zituen sektorera talentua erakartzeko.
Biharko Enpresa
Gipuzkoako enpresa-ehuna industriala eta pymeez osaturikoa dela kontuan hartuta, belaunaldi erreleboari eta enpresak erakargarri izateko beharrari buruz mintzatu ziren partaideak. Ildo horretatik, berrikuntza eta digitalizazioak funtsezko papera beteko dutela ondorioztatu zuten, eta Iraitz Pérez de Goldarazena, Oreka IT enpresako gerentea harago joan zen: “Etorkizunean bi motako enpresak egongo dira: digitalizatzen direnak eta desagertuko direnak”.
Talentua ere izan zen hizketagai, gaur egungo enpresen “kezka nagusietako bat” dela gaineratu zuen Jabier Larrañaga Kutxabankeko Enpresa arloko zuzendariak. “Lehen, finantzazioa zen oztopo nagusietako bat, eta gaur egun, berriz, pertsonak dira behar nagusia”. Elkarlana, sinergiak eta ekosistemak sustatzeko beharrean ere jarri zuen azpimarra Leire Bilbao Innobasqueko zuzendari nagusiak.
Biharko Ingurunea
Nolako Gipuzkoa izan nahi dugu etorkizunean? Galdera honi erantzuten saiatu ziren jardunaldiko azken solasaldiko gonbidatuak. “Jasangarritasuna ez da helburu soil bat, etorkizunari aurre egiteko bidea baizik”, esan zuen Xabier Soria Onhaus Global System enpresako kideak. Izan ere, mahai-inguru honetako partaideek agerian utzi zutenez, sektore guztiek egin diezaiokete ekarpena jasangarritasunari. Maite Valmaseda Gipuzkoako Merkatariak elkarteko zuzendariak, esate baterako, “merkataritzak unean-unean sortzen diren beharrei egokitzeko duen gaitasuna” goraipatu zuen. Beltran Ascensoren enpresako zuzendari nagusi Lorenzo Beltranek, aldiz, eguzki energia erabiltzen duten igogailuak izan zituen hizpide, izan ere, estatuan instalatuta dauden igogailuek milioi bat tona CO2 isurtzen dituzte urtean. Iker Urrutia Iberdrolako Sare Elektriko Adimenduen I-KO zonako buruak, bere aldetik, komunitate energetikoen hazkundea nabarmendu zuen, Gipuzkoan aurten autokontsumoko 2.300 kontratu sinatu direla aipatuz.
Participantes en el foro Biharko Gipuzkoa
Biharko Gizartea
Sebas Zurutuza, director de Estrategia de Diputación Foral de Gipuzkoa; Cristina Ramos, educadora social en la asociación Clara Campoamor de Donostia; Rakel San Sebastian, directora general de la Fundación Adinberri y Oihana Barandiaran, directora de Comunicación de la cooperativa de cuidados Bihar
Biharko Enpresa
Unai Andueza, director de Promoción Económica de la Diputación Foral de Gipuzkoa; Leire Bilbao, directora general de Agencia Vasca de la Innovación Innobasque; Rakel Martín, directora territorial de Gipuzkoa de Elkargi; Jabier Larrañaga, responsable de Banca de Empresas en Kutxabank; e Iraitz Pérez de Goldarazena, CEO de Oreka IT.
Biharko Ingurunea
Xabier Arruti, diputado foral de Equilibrio Territorial Verde; Iker Urrutia, jefe de zona en i-DE Redes Eléctricas Inteligentes en Iberdrola; Xabier Soria, técnico comercial de Onhaus Global System; Jesús Lorenzo Beltran, director general de Beltran ascensores; Maite Valmaseda, directora de Gipuzkoa Merkatariak; y Franciso Rodríguez, responsable del Laboratorio del Transformación Urbana (ULAB) en Tecnalia Research & Innovatio.