Espainiako Gobernuko laugarren presidenteorde eta Ogasuneko eta Funtzio Publikoko ministro María Jesús Monterok esan duenez, 2024rako Estatuko Aurrekontu Orokorrak datorren urteko lehen hiruhilekoan onartuta izatea espero omen du, PSOEko Kongresuko bazkideen babesa lagun, kontu publikoei eman beharreko babesa inbestidura-itunen “elkarrizketa politikoen parte izan zelako”. TVEn eskainitako elkarrizketa batean azpimarratu zuen Monterok atzo, Pedro Sanchez presidente izendatzeko negoziazioetan eztabaidatu zutela kontuekiko babesa; hala eta guztiz ere onartu egin zuen, oniritzia eman zioten taldeekin hitz egin beharko dutela sozialistek, “akordioetan planteatutako konpromisoak aurrekontuetan behar bezala jaso direla berresteko”.

Ministroak argi utzi zuen talde parlamentario bakoitzarekin hitz egingo dutela, eta aurrekontuen tramitazioa “ahalik eta azkarren burutzea” espero omen dute, urteko lehen hiruhilekoan kontuak onartuta izateko.

Gastu-muga

Behin ministerioek euren lehentasunak helarazi ondoren, une honetan “aurrekontuen ildo nagusiak zehaztuko dituzten elementuak” aztertzen dabil Ogasuna. Monterok gaineratu zuenez, hurrengo pausua talde parlamentarioekin harremanetan hastea izango da, aurrekontuaren izapidetzea ziurta-tzeko, eta aldi berean Politika Fiskal eta Finantzarioko Kontseiluari (CPFF) zein bi ganberei gastu-mugaren berri eman beharko diote.

2024an arau fiskalak berreskura-tzea eta defizit publikoa murrizteko premia ere hizpide izan zituen Monterok, eta argi adierazi zuen hazkunde ekonomikoa erabiliko dutela defizitaren eta zorraren beheranzko joerari eusteko.

Azken ekitaldietan finantza publikoek izandako “portaera eredugarria” ere nabarmendu zuen. “Horri esker, datorren urtean %3 inguruko hazkundean ibiliko gara, Espainia izan delarik, aurrekontu-proiektuaren inguruan Bruselak ezarritako aurrekontu-proiektuaren argazkia batere arazorik gabe gainditu duen herrialde gutxitariko bat”. Europako Batzordeak aste honetan esan berri du, Estatuaren etorkizuneko ikuspegi ekonomikoa, bereziki zerga-arloari dagokionean, “oso korapilatsua dela”. Gobernuak argindarraren eta gasaren fakturetan beherapen fiskalak mantenduko ote dituen galdetuta, arlo ekonomikoa hazkunde eta inflazioaren bilakaera “monitorizatzen” ari dela adierazi zuen ministroak, eta abenduaren 31ko iraungitze-data hurbildu ahala erabakiko omen dute zein neurri luzatu.