PMI indizearen arabera, Estatuko zerbitzuen sektorearen jarduera murriztu egin da aurtengo abuztuan, 2022ko urritik lehen aldiz; izan ere, uztaileko 52,8 puntuetatik 49,3 puntuetara jaitsi baita, uzkurdura eta hedapena bereizten dituen 50 puntuen azpira.
“Uda amaitzen ari da, eta horrekin batera kito estatuko zerbitzu-enpresen animoa, turismo- sektorea barne. Sektore horretako jarduera uzkurtu egin da aurten estreinakoz, eta gauza bera gertatu da zerbitzuen sektorearekin oro har, eskaera berriekin eta gauzatzeke dauden eskaerekin», azaldu zuen Hamburg Commercial Bankeko ekonomista buru den Cyrus de la Rubiak, bere ustez datozen hilabeteetan dezelerazioak jarraitzea litekeena dela gaineratuz.
PMI adierazleak kontuan hartuta erakundeak BPGaren denbora errealean egindako kalkuluen arabera, Estatuko ekonomia %0,1 murriztu da hirugarren hiruhilekoan.
“Horrek zalantzan jar lezake Espainiako Bankuak orain gutxi igo berri duen %2,3ko BPGaren aurreikuspena, batez ere hurrengo hiruhilekoan jarduera ekonomikoak beste beherakada bat izango balu”, azpimarratu zuen De la Rubiak.
Estatuko zerbitzuen PMIaren beherakada horrekin amaitu da bederatzi hilabetez jarraian izandako hedapen-bolada. Estatuko zerbi-tzuen sektorearen jardueraren narriadura, oro har, arina izan den arren, “beherakadaren erritmoa azken urtebeteko nabarmenena izan da”, S & P Globalak egiten duen PMI indizearen arabera.
Eskariaren dezelerazioak jardueraren beherakada ekarri du, eta eskaera berrien sarrera ere lehen aldiz uzkurtu da hamar hilabetean, oso apala izan bada ere.
Egoera “bereziki ahula” da kanpo-eskariari dagokionean, izan ere, abuztuko datuek erakusten dutenez, esportazio-eskaera berriek hamar hilabeteko uzkurdurarik handiena izan baitute.
Eskaera berrien murrizketaren aurrean enpresek hartutako jarrerak eragina izan du sektoreko enpleguan, joan den urtarriletik izandako hazkunde-tasarik txikiena islatuz.
Horretaz gain, egiteke zeuden eskaerak ere aurten estreinakoz uzkurtu dira, eta 2022ko irailetik izandako erritmorik azkarrenean. Prezioei dagokienean, intsumo edo sargaien kostuak ondoz ondoko hogeita hemeretzigarren hilabetez igo dira, hiru hilabeteko tasarik handienean.
Enpresek kostu-igoera horiek bezeroei jasanarazten jarraitu dutenez, salmenta-prezioak ere etengabe igo dira.
Dena den, intsumoen kostuen kasuan ikusitako joeran ez bezala, salmenta-prezioen inflazio-tasak beheranzko joerarekin jarraitu du, azken ia bi urteko mailarik baxuenera iritsita.
Sektorean ahultzeko joera gorabehera, enpresen hazkunde-itxaropena positiboa izan da pasa dez abuztuan, eta konfiantza-maila zertxobait indartu ere egin zen aurreko inkestaldian ikusitakoarekin alderatuta.
Baikortasun hori sustatu duten faktore nagusiak, merkatuaren baldintzak hobetzeko itxaropena eta enpresetako merkataritza-sailetan aurreikusitako inbertsioak izan dira.