Bere aurpegirik gogorrena erakusten ari dela iritsiko da konklabera Europako Banku Zentrala (EBZ), baita iritzi kontrajarrirekin ere, inflazio setatsuaren aurrean, bereziki azpikoa (energia eta elikagaiak bezalako osagai aldakorrenak baztertzen dituena). Orain urtebeteko bilera prezioen igoeraren aurkako elkarretaratzea izango zela esan zen, eta gaur egun, tasak hainbatetan igo ondoren, mezu berbera zabaldu dute.

Hain zuzen ere, Foroaren protagonista nagusiak, Christine Lagarde EBZko presidentea – gaur da hitzaldia egitekoa -, eta banku zentraleko Gobernu Kontseiluko gainerako kideak izango dira.

Agerikoa da, interes-tasaren igoera historia noiz amaitu erabakitzerako orduan oso iritzi kontrajarriak dituztela parte hartzaile zenbaitek (oinarrizko 400 puntu igo 2022ko Sintrako foroaz geroztik); eta hitzordu horrek aukera polita eskaintzen die zakarkeriak leundu eta, goranzko zikloa amaitzear dagoen Estatu Batuetako Erreserba Federalarekin ados jartzeko; inflazioak are gogorrago astindu dituen beste batzuk ere antzeko egoeran leudeke, esate baterako Ingalaterrako Bankua.

Sintrako aurtengo foroa, banku zentralek zeresan handia eman duten astearen ondoren etorri da. Joan den ostegunean, hilabete ba-tzuetan isilik egon ostean, Ingalaterrako Bankuak (BoE) merkatuak ezustean harrapatu eta oinarrizko 50 puntuko igoera iragarri zuen, tasa %5era iritsiz, 2008ko maximoetara, alegia. Maiatzean uste baino inflazio altuago izan dute, eta azpiko KPIarekin %7raino hazi denez, ez dute beste irtenbiderik ikusi bankuko arduradunek. Aste gorabeheratsu horretan, Turkiako banku zentrala ere ortodoxiara itzuli da (650 oinarrizko puntuko igoera, %15eraino); eta Suitzako Banku Nazionalak (SBN) eta Norges Bank norvegiarrak ere, neurriak gogortu egingo dituztela telegrafiatu dute.

Atlantikoaren beste aldean, azken bileraren ostean banku zentralak tasen igoeraren lehen etenaldia egin zuenean (%5-%5,25 artean eutsiz), Jerome Powell FEDeko presidenteak AEBko legegileen aurrean luzatutako mezua errepikatu zuen berriro joan den astean, 2023rako beste bi albiste kezkagarri utzirik: lana ez dago amaituta, eta aurten izango da oraindik beste goraldirik. Hasiera batean merkatuek AEBetako Erreserba Federalari sinesgarritasun handirik opa ez arren, banku zentral guztien gogortasunerako aldarriek, mezu hori aintzat hartzea ekarri du.

Testuinguru horretan EBZ aitzindari izango omen da, eta uztailerako oinarrizko 25 puntuko igoera berri bat aurreikusten dute (gordailu-tasa – bankuek likidezia soberakina gordetzen dutena – %3,75era iritsiko litzateke, 2000. urteaz geroztik ezagutu ez den maximo historikora). Kontua da, jarraian tarte bat hartu ote litekeen, orain arteko diru-politiken gogortzeak izan dituen ondorioak ebaluatzeko, oraindik zehazteke daudelako; ala udako etenaldiaren ondoren neurri gehiago hartu beharko ote diren prezioen etengabeko igoerari aurre egin ahal izateko.