Interes-tasak puntu laurden igotzea erabaki zuen atzo Europako Banku Zentralak (EBZ), %4ra, 2008az geroztik izan duen tasarik altuenera. Inflazioak “maila altuan luzeegi iraungo duela” aurreikusten du, eta “posible omen da” uztailean beste igoera bat agin-tzea.

EBZren Gobernu Kontseiluak %4ra igo zuen erreferentzia-tasa (astebeteko maileguengatik bankuei kobratzen diena), eta 0,25 puntutan igo zuen kreditu-erraztasuna (bankuei egun baterako mailegatzen diena), %4,25eraino; gordailu-erraztasuna, berriz, (egun bateko gehiegizko erreserbak bankuei ordain-tzen diena), %3,50eraino.

Atzo ezarritako tasa ofiziala 2008ko urriaz geroztik izan den altuena da. 2000ko ekainean %4,25era igo zen, eta zortzi urte luzez maila horri eutsi ondoren, 2008ko urriaren 15ean %3,75era jaitsi zen.

Igoera hau, Bankuak iazko uztailetik adostu duen zortzigarrena da jarraian, orduan hasi baitzen goran-tza – garaia hartan %0an zegoen, azken sei urte pasatxoan hortxe mantendu zelarik -, energiaren prezioak gogor garestitu zituen Ukrainako gerrak eragindako prezioen igoerari aurre egiteko.

Ameriketako Estatu Batuetako Erreserba Federalak (Fed) hamar igoera jarraian egin ondoren tasen gorakadan etenaldia erabaki eta biharamunean hartu da erabakia Europan; inolaz ere, Ameriketako erakundearen presidente Jerome Powellek azaldu duenez, litekeena izango omen da aurten igoera gehiago izatea.

Bide luzea egin behar

Christine Lagarde EBZko presidenteak erakundearen Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan adierazi zuenez, “litekeena da” uztailean interes-tasak berriro igotzea, egoera aldatu ezean.

“ Bidaia amaitu ote den? Ez. Oraindik ez gara gure helmugara iritsi”, adierazi zuen presidenteak, eta oraindik ere “bide luzea egiteko dago”, inflazioa %2ra jaisteko helburua lor-tzeko.

“Are gehiago esango nuke: gure oinarrizko mugari eragiten dion aldaketa materialik egon ezean, litekeena izango da uztailean tasak hazten jarraitzea; ez harritu beraz, hala gertatuz gero”, erantzun zion kazetari baten galderari.

Europako Banku Zentralak jakinarazpenean azaldu zuenez, “inflazioak behera egin du, baina denbora luzean altuegia izaten jarraitzea aurreikusten da”.

Hori dela eta, Gobernu Kontseiluak nola hala ziurtatu egin nahi du “epe ertainean” %2ko helburuan berriro kokatzea. Erakundearen iritziz, aurrez egindako tasen igoerak espero ziren fruituak ematen ari dira, eta “argi eta garbi” antzematen dira finantzazio baldintzetan, gogorragoak enpresa eta familientzat, ekonomia osoan behar bezala islatzen direlarik.

Finantzaketaren garestitze horrek “eskaria gero eta gehiago geldiaraziko duela” espero du EBZk, prezioen egonkortasuna lortzen lagunduz. Etorkizunari begira, tasak inflazioa kontrolatzeko “behar bezain murriztaileak” izango diren mailan egonkortuko direla aurreratu du, eta azpiko inflazioa zainduko dutela (egiturazko adierazle hobea baita, elementu aldakorrenak baztertzen dituelako, batez ere energia eta elaboratu gabeko elikagaiak).

Diru-politikaren transmisioaren intentsitatea ere zorrotz aztertuko dute, alegia, ea igoera horiek kreditu orokorrean islatzen diren eta prezioak kontrolatzeko helburua lortzen den. “Gure mandatuan eskura ditugun tresna guztiak doitzeko prest gaude, nahi dugun helburura itzultzea bermatzeko, eta moneta-politikaren funtzionamendu egokia zaintzeko”, adierazi zuen Lagardek.

Aldi berean, jaulkitzaile europarrak hamarren bat beherantz berrikusi du, %0,9ra, 2023rako eurogunean aurreikusitako hazkunde ekonomikoa, eta hamarren bat igo du, halaber, aurtengo batez besteko inflazioaren estimazioa, %5,4ra.

Adierazgarriagoa da azpiko inflazioaren goranzko berrikuspena, bost hamarrenetakoa, %5,1era arte, prezioen gaineko presioak oraindik ere handiak direla ikusita, nahiz eta “zantzu neurritsuak antzeman”. 2024an %3ra jaitsiko litzateke, eta 2025ean %2,3ra.