Euskadiko artisau flotarentzat berdelaren arrantzaldia ez doa bide onetik, arrantzarako amodun tretzak erabiltzen dituzten ontzientzat hain zuzen. Bizkaiko berrogeita hamalau ontzik eta Gipuzkoako hogeita hamazazpik osatzen dute flota hau eta txalupa bakoitzak lau eta sei arrantzale artean ditu. Azken egunetan ez dute ia berdelik harrapatu eta kezkatuta daude oso, horrela jarraituz gero oso zail izango bait dute urteko kuota arrantzatzea. Flota honetako ontziek 4.519 tona berdel harrapatzeko aukera dute 2023 urtean. Espainiako gobernuak egindako banaketaren arabera, 3.192 tonakoa dagozkie Bizkaiko ontziei eta 1.326 Gipuzkoakoei.

Artisau flotako arrantzaleek kezka handiz ekin zioten aurtengo kanpainari, aurreko urte bietan zailtasun handiak izan baitzituzten berdela harrapatzeko. Aurten, baina, egoera inoiz baino okerragoa da. Ontziek oso berdel gutxi ikusten dute itsasoan eta aurkitzen duten apurra hondoan dago eta ez die jaramonik egiten arrantzaleek botatako amuei. Arazoa ez da Euskadiko uretan bakarrik gertatzen. Kantabria eta Asturiaseko arrantzaleak ere ez dute berdelik harrapatzen.

Berdelaren arrantzaldiak garrantzi handia dauka artisau flotako ontzientzat. Izan ere, haien ekonomiaren zutabe nagusietako bat da hegaluzearen arrantzaldiarekin batera. “Aurtengoa ez zaigu inoiz gertatu. Beti egon dira urte onak eta urte txarrak baina egunotan ikusten ari garena oso kezkagarria da. Ontzi gehienok ez dugu gure kuotaren hamarrena be arrantzatu eta apirilean sartuta gaude. Gainera, azken egunetan ez dugu berdelik aurkitu ere egin eta etxerako bidea hartu behar izan dugu arrainik gabe” nabarmendu du Bermeoko ontzi bateko patroiak.

Hegalaburren eragina

Teoria ugari daude berdel eskasiari arrazoien bat aurkitzeko. Kontua da, arrantzarako inguraketa sarea edo traina erabiltzen duten ontziek ez dutela inolako arazorik izan haien kuota harrapatzeko –4.151 tona– eta egun gutxi batzuk nahikoak izan dituzte berdelaren kanpaina bukatu eta antxoaren kosteran buru belarri sartzeko. Itsasoan urte asko daraman patroi baten iritziz, hegalabur asko dago itsasoan eta berdela jaten dutenez, espezie honen sardak itsas hondoan igarotzen dute eguna zimarroiaren beldur. “Hegalaburra asko ugaritu da Kantauriko hego-ekialdean eta berdela ikaratuta dago itsas hondoari itsatsita. Inoiz baino zimarroi gehiago ikusten dugu itsasoan eta inoiz ez bezala, bat baino gehiago josi dugu gure tretzetan amoan zeuden berdelen atzetik etorrita” azaldu du patroiak.

Badira beste teoria batzuk dituzten arrantzaleak. Berdela arrain migratzailea da, Europa iparraldetik etortzen da udaberrian Kantauri itsasora eta Iparraldeko itsasoetan egindako harrapaketa handiek eragina dute arrainaren stockean. Izan ere, azken urteetan gainditu egin dira ICES erakundeko biologoek berdel populazioa osasuntsu mantentzeko proposatutako harrapaketa mugak.

Norvegia, Errusia edota Faroe irlek nahi beste berdel arrantzatzen ari dira, biologoen proposamenei jaramonik egin gabe, eta jakina, kalte handia egiten diote populazioari. “Gure berdela eta Europako iparraldean arrantzatzen dutena populazio batekoak dira eta azken urteetan neurri gabe harrapatzen ari dira Errusia, Norvegia edota Faroe. Lehenbailehen neurri zorrotzak hartzen ez badira, duela urte batzuk antxoarekin gertatu zena errepikatuko da berdelarekin, arrantzaldia kolapsatu egin baidaiteke”, ohartarazi du Armintzako ontzi bateko patroiak.

Arrantzaleek ezin dute sinistu berdelarekin gertatzen ari dena. “Duela urte gutxi batzuk nahi beste berdel harrapatzeko aukera genuen eta neurriak hartu behar izan genituen arrantzaldia kudeatzeko. Eguneko harrapaketa mugak ezarri genituen kanpaina egun gutxitan buka ez zedin. Goizeko 11etarako porturako bidea hartzen genuen kupoa beteta eta kexu ginen urteko kuota urria zela uste genuelako. Aurten, ordea, ezinean ari gara, berdelik harrapatu ezinik”, adierazi du patroi batek atsekabetuta.

Beste alde batetik, antxoaren kanpainari dagokionez, Kantauriko ontziak toki ezberdinetan ari dira arrantzan. Harrapaketak nahiko onak izaten ari dira eta lehorreratutako arrainaren tamaina kanpaina hasierakoa baino handiagoa da. Ondorioz, antxoaren prezioak gorantz egin du azken asteetan.

Gipuzkoako kostaldetik hurbil ibili dira arrantzan euskal ontziak azken egunetan. Kantabria, Asturias eta Galiziako ontziak, ordea, Kantauriko mendebalderantz egin dute arrain handiaren bila. Santoñako portua ari da antxoa kopuru handiena jasotzen 2023ko kanpainan. l