Hilabete batzuk txarrak izan omen daitezke, eta enplegua moteldu egungo testuinguruan. Hala adierazi zuen atzo Idoia Mendia bigarren lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak, baina “horrek ez du esan nahi etorkizuna txarra izango denik”. “Beti agertzen dira apokalipsiaren profetak, baina enpresaburuek proiektuak badituzte eta horretarako langileak behar dituzte”, defendatu zuen. Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan gogora ekarri zuen EAEk enpleguko eskumenak orain hamaika urtetik dauzkala, eta inoiz ez dela eratu enplegua sustatzeko lanean dabiltzan eragileak antolatzen dituen legerik.
“Enpresa bat bagina bezala koordinatu eta funtzionatu behar dugu. Enpleguaren Euskal Legeak gobernantza ekarriko digu, eta aitzindariak izango gara eskubide berri bat sortzerako garaian: enplegu-politika aktiboena, hain zuzen ere”, esan zuen. Euskal herritarrek formakuntza eskatu ahal izango diote Lanbideri euren prestakuntza eguneratzeko. Prestakuntza doakoa izango da, eta “oso garrantzitsua da, hori ere arlo publikotik bermatzea”.
“Funtsezkoa iruditzen zait prestakuntza-ibilbide pertsonalizatua eskaini ahal izatea. Lanpostu berriak sortuko dira eta horietarako prestaketa eskaini behar dugu. Gazteak baditugu, emakumeak, bai eta enplegurako berreskura daitezkeen 45 urtetik gorako pertsonak ere”, adierazi zuen.
Metalaren negoziaketa
Bestalde, patronala eta sindikatuak Bizkaiko metal arloan akordioa lortzera “behartuta” daudela adierazi zuen, Jaurlaritzaren bitartekaritza medio, alde biek “negoziazio-egoera berrian kokatzeko denbora” behar izan arren.
Sailburuak hitz horiekin sustatu nahi izan zuen gaur, astelehenarekin, Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritzapean egingo den Bizkaiko Metalaren bilera. Jaurlaritza neutrala dela eta “akordioa lortzeko erdibideko oreka puntua bilatzen” laguntzeko dagoela gogorarazi ondoren, Mendiak argi esan zuen “alde biek akordioa topatu beharko dute, Araban eta Gipuzkoan egin zen bezala”.
“Datozen egunetan, sindikatuak eta patronala, sektore garrantzitsu horretan premiazkoa den akordio hori sinatzeko gai izango direla espero dut”, adierazi zuen .