- Espainiako Elikadura, Nekazaritza eta Arrantza Ministerioak, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako ebazpenean jartzen duenaren arabera, Gipuzkoa, Bizkaia, Kantabria, Asturias eta Galiziako flotak 26.544 tona antxoa arrantzatu ahal izango dute. Antxoaren urteko harrapaketa muga 33.300 tonakoa da eta horren %90 Espainiari dagokio eta gainerako %10a Frantziari. Hasiera batean Kantauriko flotari dagokion kuota 29.700 tonakoa bada ere, kopuru horri 3.000 bat tona kendu behar zaio. Izan ere, kopuru horren zati bat 2009an berdelaren harrapaketa muga gainditu izanagatik jasotako isuna ordaintzeko erabiltzen du sektoreak. Beste alde batetik, Espainiak kuota lagapen bat egiten dio Frantziari urtero, Bizkaiko Golkoan antxoaren arrantza kudeatzeko bi estatuetako sektoreek adostutako akordioaren arabera. Bestalde, aurreko urteko kanpainako kontsumoaren behin betiko kopuruaren berri izan ondoren zehaztu du ministerioak aurtengo kuota.

Arestian aipatutako ebazpenaren arabera, antxoaren arrantzaldia datorren azaroaren 30era arte egongo da baimenduta. Hortik aurrera eta hurrengo urteko kanpaina abiatu arte, martxoaren 1era arte, nahigabeko harrapaketak baimenduta egongo dira beste espezie batzuren arrantzan jasotakoak direnean eta kopurua %5a baino txikiagoa denean.

Beste alde batetik, antxoatan ari diren ontziak berriz itsasoratu ziren atzo astebete portuan geldirik egon ostean. Kofradiek arrantzaldia ete-tzeko erabakia hartu zuten ontziek antxoa gaztea besterik ez zutelako aurkitzen. Aurreko astelehenean, antxoa horren prezioa 20 zentimotik behera jaitsi zen. Egoera ikusita, arrantzaldian parte hartzen ari diren ontziak mendebalderantz abiatu ziren arrain handiaren bila.