DONOSTIA. Azken lau urteetan, Gipuzkoako 1.159 langile sartu dira 232 enpresen jabetzara, Gipuzkoako foru Ogasunak langileen partaidetza sustatzeko onartutako Foru Arauak jasotzen dituen zerga pizgarriek lagunduta. Hauetatik 290 emakumezkoak dira, eta 869 gizonezkoak, eta 232 konpainia ezberdinetan burutu dituzte esku aldatzeak eta 16,5 milioi euroko inbertsioa egin dute denen atean. Ogasun eta Finantzetako foru diputatu den Jabier Larrañagak azaldu duenez, parte hartzaileen zenbatekoa haziz joan da urtetik urtera eta, ondorioz, neurriaren orain arteko ibilbidearen oso balantze positiboa egin du. “Langileek parte hartzen duten enpresak hobeto sustraituta daude gure lurraldean eta, gainera, enpresa indartsuagoak, kohesionatuagoak eta lehiakorragoak dira. Egun bizi dugun krisiaren testuinguruan, Europak pandemia osterako ezarri duen enpresa ereduaren adibide garbia dira”, aldeztu du Larrañagak.

Foru diputatua hedabideen aurrean agertu da gaur goizean, Jokin Perona Ogasuneko foru zuzendariarekin batera, Foru Araua indarrean egon den lau urte hauetan izan dituen emaitzen berri emateko. Gogoratzeko, langileen partaidetza sustatzeko Foru Araua 2016ko abenduan onartu zen eta, atzera eraginarekin, urte horretako urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean. Esku aldatze operazioetan parte hartzen duten bi aldeentzako abantailak jasotzen ditu. Eroslearen kasuan, %15eko kenkaria gizonezkoentzat eta %20koa emakumezkoentzat PFEZan, enpresaren jabetzan sartzen den langilearen alde. Kreditu fiskala 6.000 eurokoa da gizonezkoen kasuan, eta 8.000 eurokoa emakumezkoenean. Pizgarria lau urtetan zehar da aplikagarria, eta urteko mugak 1.500 eurokoak dira gizonezkoentzat eta 2.000 eurokoak emakumezkoentzat. Saltzailearen kasuan, berriz, adin muga 65 urtetik 60 urtera jaitsi zen, eta salmentatik eratorritako ondare irabazia salbuetsita geratu (kanpoko eragile bati egiten bazaio ez da horrela).

Foru diputatuak, bere hitzaldian, gogoratu du Gipuzkoako tradizio luzea duela lan munduko partaidetzaren arloan, eta horren adibide direla kooperatibak edota sozietate laboralak. “Gure lurraldea, zorionez, nazioarteko erreferentea da arlo honetan”, esan du. Duela lau urte, Foru Araua onartu zenean, helburu nagusia zen enpresak lurraldean sustraitzea eta, honekin batera, erabaki guneei eustea, deslokalizazioei aurre egiteko erreminta gisa; langileak kudeaketan eta erabaki estrategikoak hartzeko prozesuetan sartzea, enpresaren lehiakortasuna indartuz; langileek enpresa proiektuarekiko duten konpromisoa indartzea; eta talentuari eustea. “Honekin batera, genero ikuspegia sartu genuen araudian, enpresa arloan ematen diren desberdintasunak murrizten laguntzeko”, gaineratu du.

Hala ere, nabarmendu du asko aldatu dela agertoki orokorra duela lau urtetik hona, batez ere COVID-19 gaitzaren pandemiaren eraginez. “Pandemiak dena jarri du hankaz gora, eta egungo agertokia ziurgabetasunez betea ageri da. Testuinguru honetan, eta Aldundiaren ikuspegitik, ekonomia babestu eta jarduera ekonomikoa bultzatzen jarraitzea lehen mailako lehentasuna da guretzat, gizarte politika eta kohesio soziala indartzearekin batera, eta marko horretan uste dugu langileen partaidetzak leku garrantzitsua izaten jarraitzen duela”, azaldu du. Zentzu honetan, gogoratu du langileen partaidetza sustatzeak ekartzen dituen abantaila guztiak (enpresak sustraitu, barne kohesioa indartu, lehiakortasuna hobetu, talentuari eutsi…) pisu handikoak direla gaur egun.

“Bestalde, egunotan, eta batez Europako funtsen harira, asko hitz egiten ari gara pandemia osteko munduaz, nolakoa izango den eraiki nahi dugun etorkizun hori. Jasangarritasuna, digitalizazioa, erresilientzia… dira berreraikipen prozesu horretarako Europak zehaztu dituen ezaugarriak”, esan du. Atal honetan, azpimarratu du Europak krisi osterako nahi dituen enpresak “tamaina txiki eta ertainekoak direla, lehiakorrak, moldakorrak eta etorkizuneko krisiei erantzuteko gai izango direnak”. Foru diputatuaren ustetan, langileen partaidetzaren estrategiak norabide horretan eragiten du hain zuzen ere: “Enpresa indartsuagoak, kohesionatuagoak eta lehiakorragoak dira parte hartutako enpresak. Dudarik ez, erresilienteagoak. Eta, ondorioz, uste dugu langileen partaidetza guztiz lerratuta dagoela berreraikipenaren arloan Europa bultzatzen ari den estrategiekin”.

Hau honela izanda, foru arduradunak gogoratu du Gipuzkoa erreferentea bada arlo honetan, “biharko ekonomia eraikitzeko indargune baten aurrean gaudela”. Norabide honetan, gogoratu du langileen partaidetza “hasiera-hasieratik” egon dela Etorkizuna Eraikiz proiektuaren agendan. “Dakizuen bezala, Etorkizuna Eraikizen helburua da elkarlanean, eragile eta erakunde ezberdinen arteko lankidetzan, biharko erronkei buruz hausnartu eta irtenbideak ematen hastea. Eta ariketa kolektibo honetan, lehen momentutik ulertu genuen zein garrantzitsua zen langileen partaidetza indartu eta hedatzen jarraitzea, hain gurea den zerbait aldi berean gure indargune nagusietakoa delako etorkizuneko ekonomia eraikitzeko”, adierazi du.

Zenbakiak, argigarriak

Zenbakiei erreparatuta, eta diputatuak aipatu bezala, zerga pizgarrien erabilera hazi joan da urtetik urtera. Horrela, lehen urtean, 2016an, 147 izan ziren beraien enpresen jabetzera sartu zirenak, 40 konpainia ezberdinetan. Hurrengo urtean, 2017an, 212 pertsonek eman zuten pausua, kasu honetan 48 enpresetan. 2018 urtean, berriz, gorakada nabarmena eman zen, eta 380 langilek egin zuten parte hartzearen aldeko hautua, Gipuzkoako 58 firma ezberdinetan. Eta azkenik, pasa den urtean, 420 enplegatu sartu ziren 86 enpresetako jabetzan. 2020 honetako zifrak, berriz, datorren urteko udaberrian egingo den Errenta kanpainan ezagutuko dira, orduan aplikatzen baitira zerga pizgarriak.

Foru arduradunen esanetan, datuek argi usten dute Foru Arauak eta honek jasotzen dituen pizgarriek “oso harrera ona” izan dutela eta abantaila hauek ezagunago egiten doazen heinean, “gero eta gehiago partaidetzaren aldeko apustua egin eta kenkari hauek baliatzen dituzten pertsonak”. “Ondorioz, 2016an egin genuen diagnosia eta apustua zuzenak izan zirela esan dezakegu; estrategia honek nabarmen indartu du langileen partaidetzaren aldeko estrategia, eta ondorioz gure enpresak, gure ekonomia eta hedapenez gure lurraldea”, esan dute.

“Langileen partaidetzak oso errotuta jarraitzen du egoten Gipuzkoan, eta gure enpresa kulturaren parte garrantzitsua segitzen du izaten; are garrantzitsuago, eta zenbaki hauek agerian uzten duten bezala, gipuzkoarrak jakitun dira honetaz”, azpimarratu du Larrañagak. Hau honela izanda, iritzi dio langileen partaidetzaren alde lanean jarraitzeak zentzua eta etorkizuna dituela, “ez bakarrik neurri konkretu hauen emaitzak urtetik urtera hobetzen joan direlako, baizik eta guztiz bat datorrelako pandemia osteko berreraikuntzarako Europak mahai gaineratzen duen enpresa ereduarekin”. “Lau urte hauetan argi geratu dena da alor hau indartzea ez dela intuizio huts bat izan, baizik eta langileek eta enpresa ehunak ere erantzun egin dutela; merezi zuela bide hau hartzea, gogoa eta beharra bazeudelako”, amaitu du.