- Euskadiko baxura flotako ontziak buru belarri sartuta daude hegaluzearen arrantzaldian eta ia egunero arrain deskargak egoten dira Bizkaia eta Gipuzkoako portuetan zein Kantabria, Asturias edota Galiziakoetan. Espainiako gobernutik emandako azken datuen arabera, 2020 urteko kuotaren %47,54a arrantzatuta dago dagoeneko. Kopuru horretan sartuta dago Kanariar irletako flotak lehen seihilekoan egindako harrapaketak. 8.531 tona gera-tzen zaizkio arrantzatzeko Kantauriko flotari. Gogoratu behar da, azken hiru urteetan Espainiako arrantza ministeritzak arrantzaldia eteteko agindua eman zuela urteko kuota agortuta zegoelako. Aurreko urtean, abuztuaren 27an eten zuten kanpaina eta aurten ere -orain arteko harrapaketa erritmoa mantentzen bada- data horietan buka daiteke.

Maiatzaren azken egunean porturatu zituzten urteko lehen hegaluzeak euskal arrantzaleek Avileseko portuan. Harrezkeroztik ia 8.000 tona porturatu dituzte. Gainera, azken urteetan gertatu bezala, hegaluze sardak Bizkaiko Golkora sartu dira bete-betean eta arrantzaleak kostaldetik nahiko hurbil ari dira arrantzan. Ondorioz, ontziek sarri jotzen dute euren portuetara arraina deskargatzera. Arestian esan bezala, harrapaketak onak ari dira izaten flotako ontzi guztientzat, kazan ari direnentzat zein beita bizia eta kainaberak erabiltzen dituztenentzat.

Hegaluzearen kanpaina urteko arrantzaldirik garrantzitsuena da euskal arrantzaleentzat. Aurreko urtean, 7.630 tona hegaluze saldu zituzten Bizkaia eta Gipuzkoako portuetan. Getaria eta Hondarribia izan ziran arrain gehien jaso zuten portuak, 3.571 eta 2.158 tona hurrenez hurren. Arrainaren balioa lehen salmentan 26,7 milioi eurokoa izan zen eta batez besteko prezioa 3,51 eurokoa kiloa. Aurten ere hegaluzearen batez besteko prezioa kopuru horietan dabil. Euskal portuetan saldutako arrain gehiena kontserba enpresek erosten dute. Freskoan konsumitzeko bideratutako kopuruak beherakada nabarmena izan du, Covid 19 birusak eragindako osasun krisiaren ondorioz. "Freskoan konsumitzeko saltzen den arraina da garestien saltzen dena. Aurten, baina, eskaera asko jaitsi da. Hotelak itxita egon dira eta apurka-apurka hasi dira martxan. Jatetxeetan ere, gauzak ez daude ondo eta hori igarri egiten da portuan", adierazi du Bermeoko portuko arrain erosle batek.

Arrantzaleak pozik daude harrapaketa onak lortzen ari direlako. Kezkatuta ere badaude, baina, badakielako aste batzuk barru urteko kuota agortu eta arrantzaldia eten egin beharko dutelako. Ondorioz porturako bidea hartu beharko dute eta tarte luzea egingo dute itsasora itzuli gabe.

Gauzak horrela, euskal arrantzaleek hegaluzearen kuota banatzeko eskatu dute Madrilen ontzi bakoitzak erabaki dezan noiz eta nola arrantzatu berari dagokion hegaluze kopurua. "Gure flotaren menpekotasuna oso handia da hegaluzearen kanpainarekiko. On-tzi batzuk bi kanpaina baino ez dituzte urtean, berdela eta hegaluzea, eta zaindu egin behar ditugu", dio Aurelio Bilbao, Bizkaiko kofradietako idazkariak. Bestalde, euskal flotari dagozkion eskubide historikoak aldarrikatzen dituzte. "Gure ontziek historikotasun handia dute hegaluzearen arrantzaldian eta ez dugu galdu nahi. Gauza bera gertatu zitzaigun administrazio zentralak berdelaren banaketa atzeratu zuenean. Banaketa egiteko eskatzen aritu ginen etengabe baina Madrilek atzeratu egin zuen nahikoa historikotasunik ez zuten flota batzuk hala eskatuta".

Kontutan izan behar da hegaluzea ez dutela Kantauriko ontziek bakarrik arrantzatzen. Izan ere, urteko lehen seihilekoan, Kanariar irletako ontziek hegaluzearen arrantzaldiari ekiten diote. "Azken urteetan harrapaketa handiak izan dira Kanarietako uretan eta kuota banatu barik jarraituz gero horrek arriskuan jar dezake Kantauriko flotaren kanpaina", azaldu dute arrantzaleen ordezkariek.

Espainiako banderapean arrantzan egiten duten ontziek harrapatzen dituzten espezie gehienen kuotak banatuta daude flota eta ontzi ezberdinen artean. Legatza, berdela edota hegalaburra dira adibideetako ba-tzuk. Hegaluzearekin ere gauza bera egin behar dela uste dute euskal baxura flotako arrantzaleek. "Ia espezie guztien kuotak banatuta daude, batez ere flota industrialek harrapatzen dituztenenak. Ontzi bakoi-tzak bere kuota izateko eskubidea du eta kuota horrek balioa ematen dio, are gehiago ontziak desegiterik ez dagoen honetan. Gure flota ez da salbuespena izan behar. Hegaluzea eta gainerako espezieak banatu egin behar dira".

Hegaluzearen arrantzaldia urteko garrantzitsuena da Euskadiko baxurako flotarentzat eta kanpaina horretan lortzen du urteko irabazien zatirik handiena. Espainiako gobernuak hegaluzearen kuotaren zati bat erabiltzen du beste espezie batzuren kuotak lortzeko Europako beste herrialde batzurekin trukatuta. Aurten bertan, 50 tona hegaluze trukatu ditu Frantzia eta Portugalekin legatz gehiago lortzeko. "Espainiako gobernuak badaki hegaluze kuota ez dala nahikoa flota guztiarentzat baina hala ta guztiz ere erabili egiten du trukaketak egiteko. Kuotaren banaketa eginez gero, administrazioak ezingo luke hegaluzea erabili", azpimarratzen dute kofradietatik.

Hegaluzearen kanpaina urteko arrantzaldirik garrantzitsuena da; iaz 7.630 tona saldu zituzten Gipuzkoa eta Bizkaiko portuetan