bermeo - Azken hamar urteetan indarrean izan den hitzarmenarekin alderatuta, Kantauriko eta Frantziako flotek aurtengo antxoaren arrantzaldirako adostu duten akordioak aldaketa garrantzitsu bat dauka. Izan ere, orain arte Kantauriko baxura flotako ontziak eta Frantziako pelagikoak ez dira ia batera aritu antxoa harrapatzen Bizkaiko Golkoko uretan. Gipuzkoa, Bizkaia, Kantabria, Asturias eta Galiziako ontziak martxoaren 1ean itsasoratu izan badira ere, pelagikoek ezin izan dute antxoatan hasi ekainaren 1era arte. Aurten, ordea, Getarian lortutako akordioaren arabera, Frantziako Atlantikoko ontziek martxoaren 1ean ekingo diote antxoaren arrantzaldiari -Kantauriko ontziekin batera- eta apirilaren 15era arte jarraitu ahal izango dute espezie hori harrapatzen. Horrek esan nahi du, sei asteotan flota biak batera izango direla itsasoan.

Nolanahi ere, flota bietako on- tziak sasoi berean itsasoratu arren, litekeena da Bizkaiko Golkoko eremu ezberdinetan aritzea arrantzan. Azken bi urteetako kanpainetan, Kantauriko flotak kostaldetik gertu harrapatu izan du antxoa guztia, VIII C eremuaren barruan, hain zuzen ere. Frantziako flotak, berriz, ezin du arrantzan egin toki horretan eta normalean VIII B esparruan -Frantziako plataforma kontinentalean- aritzen da.

Beste alde batetik, akordio berriaren arabera -ez dezagun ahaztu oraindik ere sinatu barik dagoela, Frantzia eta Espainiako administrazioen oniritzia jaso arte-, eta aurreko urteetan ez bezala, Kantauriko flotak 2020 urteko antxoa kuota handitzeko aukera izango du Frantziako flotaren eskutik. Izan ere, Frantziako flotak 3.000 tona antxoa harrapatu gabe utzi zituen aurreko urtean eta Europako araudiaren arabera, ezingo ditu erabili aurtengo kanpainan. Kopuru horren zati bat Kantauriko flotari emango dio eta, lagapen horri esker, arrantzaleek 2019 urtean kuotaren gainetik harrapatutako 400 bat tona ordaintzeko aukera izango dute. Gogoratu behar da, Espainiako Gobernuak ekainaren 5ean itxi zuela antxoaren arrantzaldia urteko lehen seihileko kuota agortuta zegoelako.

Beraz, kuota lagapen hori ederto etorriko zaio Kantauriko flotari. Gainera, ez da ahaztu behar aurten Europako Batasunak antxoarentzat onartu duen harrapaketa mugak jaitsiera txiki bat izan duela aurreko urtekoarekin alderatuta, %3koa hain zuzen ere. Kantauriko flotaren kuota 28.702 tonakoa izango da aurten, aurreko urtekoa baino 1.000 bat tona gutxiago.

Arestian esan bezala, Kantauriko baxura flotako ontziak eta Fran- tziako pelagikoak batera itsasoratuko dira martxoaren 1ean antxoaren arrantzaldiari hasiera emateko. Hurrengo hilabete eta erdian, merkatuak flota biek harrapatutako antxoa jasoko dute. Merkaturatzeko prozesuan sor litekeen edozein gatazka saihesteko asmoarekin, alde bietako ordezkariek neurri batzuk adosten ahaleginduko dira kanpaina hasi aurretik: eguneko harrapaketa mugak, arrainaren tamaina, itsasora irtetzeko egunak eta abar.

Kantauriko eta Frantziako floten arteko akordio berrian aldaketa batzuk egon arren, aurretik adostuta zituzten beste alde batzuk bere horretan mantentzen dira. Adibidez, Kantauriko flotak bere antxoa kuotaren zati bat emango dio aurten ere Frantziari, azken hamar urteetan egin duen bezala. Beste alde batetik, Kantauriko ontziek beita bizia harrapatu ahal izango dute Frantziako kostaldean -Arcachon inguruan-, hegaluzearen arrantzaldian erabiltzeko.

Getarian lortutako akordioa urtebetez egongo da indarrean eta urtero elkartuko dira alde bietako ordezkariak hurrengo urteko arrantzaldira begira.

Antxoaren arrantzaldiak garran- tzi handia dauka Gipuzkoa eta Bizkaiko baxura flotarentzat. Joan zen urtean 13.175 kilo bokarta saldu ziren Ondarroa, Bermeo, Getaria, Pasaia eta Hondarribiko portuetan, 17 milioi euroko balioarekin. Batezbesteko prezioa 1,29 euro/kiloko izan zen eta Ondarroa izan zen antxoa gehien jaso zuen portua, 7.200 tonatik gora, hain zuzen ere.