ordizia - Ordizian kokatuta dagoen Goierri Eskolako formakuntza ziklo ezberdinetako ikasleek puntu-puntuan dute eraiki berri duten ibilgailu elektrikoa, izan ere, hemendik hilabete gutxira izango den Euskelec txapelketa teknologikoan lehiatzeko erabiliko dute ibilgailu elektriko hori. Euskelec lehiaketa mugikortasun iraunkorraren sustapenerako erakunde teknologikoak (MUISU) antolatzen du, Tknika eta Euskadiko Automobilismo Federazioarekin lankidetzan. Antolatzaileen esanetan, lehiaketa honen helburu nagusia mugikortasun iraunkorraren eredu berriak ezagu-tzera ematea da eta era berean, ikasleei aukera ematea urtean zehar egiten dituzten sorkuntzek zabalkun-tza izan dezaten.

Proiektuaren sorrera oso parte hartzailea izan da, izan ere, Goierri Eskolan ematen diren zazpi formakuntza zikloetako ikasleek hartu dute parte. Horrela, besteak beste, Administrazio eta Finantzetakoak egitasmoaren bideragarritasuna aztertu eta administrazio kudeaketa aurrera eramateko, Diseinu eta Fabrikazio Mekanikokoak, Mekatronikako edota Eraikuntza Metalikokoak ibili dira buru belarri lanean. Horiez gain, sorkuntza prozesuan ere partaide izan dira mendekotasun egoeran dauden pertsonei arreta emateko zikloa egiten ari direnak. Izan ere, “proiektuak guztiek duten ezagu-tza eta ekarpena eskatzen zuen, prototipoa lau gurpilen gainean mugitzen ikustearen pozak esfor-tzu guztiak merezi dituen arren”, agertu dute.

Txapelketako epaimahaiak, bere aldetik, ibilgailu elektrikoaren azelerazioa, gehienezko balazta edo slaloma izenekoa baloratuko ditu, kontuan izanda, noski, ibilgailuaren diseinua eta ikasleek izan duten talentua.

talde lana Goierri Eskolako zuzendaritzakoak pozik daude esperientzia honekin eta “ikasleen-tzat motibagarria” izan dela nabarmendu dute. Ikasleak, berriz, zirkuituan guztia ondo atera eta kale ez egitea espero dute. Emai-tza bakarra izan bada ere, ibilbide honetan jende askok jarri du bere alea. Taldeka, ikasleak diseinuaz, fabrikazioaz eta muntaiaz arduratu behar izan dute, helburuak finkatzearekin, lana eta epeak planifikatzearekin edota jarraipena egitearekin batera. Finean, ikasgelan jasotako ezagutza teorikoa praktikan jartzean datza, prozesua hasieratik bukaerara garatuz, lanean egingo luketen modu berean.

Orain, proiektua ia amaituta dutela, Euskelec lehiaketan zer egingo duten ikustea falta da, baina lehiaketa datorren ekainean edo uztailean izango da, oraindik ere data zehaztu gabe baitago.

ate irekiak Bestalde, Goierri Eskolak ate irekiak antolatu ditu batxilergo zientifikoaren eskaintza ezagutzera emateko. Hitzordua gaur izango da, 10.30ean hasita. Halaber, maiatzaren 5ean, larunbata, goizeko 10.00etan Lanbide Heziketako ate irekiak egingo dituzte. Bertan, Oinarrizko, Erdi Mailako eta Goi Mailako eskaintza aurkeztuko dute.