Goierriko eskaintza zabala ezagutzera emango du Goiturrek, Goierriko Turismo Agentziak, Madrilgo Fitur turismoaren nazioarteko azokan bihar hasi eta hilaren 21era arte. Honetan badu esperientzia zabala, izan ere, 22. urtez, hutsik egin gabe, agentziako ordezkariak bertan izango dira eskualdearen inguruko informazioa helarazten.
Euskadiko standa hiru sailetan banatuko da: hiriburuak, touring-a eta gastronomia; eta Goierrik hiru produktu hauen barnean du presentzia. “Goierri, Donostia turismoko bazkide da eta beraien aukera turistikoaren barne azaltzen gara; hain zuzen, Euskadin zehar egin daitezkeen ibilbideak eta bertako helmuga desberdinen informazioa emango dugu eta, gainera, Goierriko jatetxe, alojamendu, museo, errekurtso eta produktu turistiko guztiak ezagutu ahal izango dira Goierri-Tolosaldea gida, Goierriko diptiko berria eta mapa turistikoaren bidez. Bestalde, gastronomiari zuzendutako mahaian Goierri Gastronomika egitasmo osoaren informazioa azaltzen da bertako gidan eta eskualdeko errekurtso eta produktu turistikoak bertan azaltzen direlarik”, adierazi du Niko Osinalde, Goiturreko zuzendariak. Nazioarteko azokan parte hartzea eta Goierri ezaguna izatearen garrantzia ere nabarmendu du Osinaldek: “egon beharra dago”.
aurtengo helburuak Urtez urte bisitari kopuruak gora egin du eskualdean eta horretaz ondo jabetuta dago Osinalde. Hala ere, aurtengo erronken artean honakoak daudela adierazi du: “Natura eta gastronomiako produktu turistikoak eta zerbitzuak egonkortu eta Idiazabal Lurraldea eta Basque Highlands ekimenak sendotzen jarraituko dugu. Kalitate turistikoa eskaintzen da hemen”.
Etengabe berritzeko eta hobetzeko asmoarekin, hainbat berrikuntza ere egingo dituzte; hala nola, esperien-tzia gastronomikoak bezeroen eta bidaia agentzien beharretara egokituko dituzte, esperientzia turistiko gastronomiko berriak diseinatzen eta garatzen jarraituko dute, eta produktu gastronomikoak ekoizten dituztenen alojamenduak balioan jartzea bultzatuko dute. Hala, turistak Goierrin kalitate altuko esperien-tzia izatea lortu nahi da etortzen diren egunetan.