Gipuzkoako surf eta longboard txapelketen agertokia Donostiako Zurriola hondartza izango da, ostiralean, hilak 6, eta larunbatean, hilak 7. Gipuzkoako Surf Federazioak antolatutako proban modalitate horietako lurraldeko kirolari onenak arituko dira, inklusioa, berdintasuna eta ingurumenarekiko errespetua bezalako baloreak sustatzeko plataformatzat nabarmenduz.
Txapelketa berezia
Maialen Saez Federazioko presidenteak atzo Donostiako udaletxean egin zen aurkezpenean azaldu zuenez, “Gipuzkoako Txapelketa hau berezia izango da, gaur egungo Zuzendaritza Batzordearen zortzi urtetako zikloa bertan itxiko delako, 2016an krisi betean zen Gipuzkoako Surf Federazioaren gidaritza hartu zuenetik honainoko bidea eginda. Kirola eta kultura uztartzeko plan estrategikoari esker, kirol-probak ugaritu egin dira, eta Gipuzkoako Txapelketari beste proba batzuk ere gehitu zaizkio agenda borobila osatuz, hala nola Stand Up Padel zirkuitua eta Txiki Surf zirkuitua, Gipuzkoar harrobian etorkizuneko belaunaldiak ziurtatuz. Federazioan pozik gaude kirola bultzatzeko gauza izan garelako, tartean Pro Zarautz nazioarteko lau txapelketa, surflari profesionalek nazioarteko rankingean parte hartu ahal izateko funtsezkoak izan direnak. Gainera, Olinpiar Jokoetan parte hartu duten lau surflarietatik hiru gipuzkoarrak izan dira.
Helburua kirola indartzea da
Saezek aipatu zuenez, “federazio honen helburua onbideratzea izan da, kirola indartzea eta proiektu motibatzaile bat eskaintzea zuzendaritza batzorde berriei, kudeaketa sendo eta profesional batetik abiatuta”.
Bestalde, Hondartzetako zinegotzi Carlos García Hernándezek argi esan zuen “surfarekin eta eskolekin elkarlanean jarraituko dugu, ondotxo baitakigu hiriarentzat kirol jarduera estrategikoa dela. Hans Odriozola dugu adibide, 16 urtez azpiko ISA Txapelketako egungo munduko txapelduna Rio de Janeiron”.
Lehiaketarekin batera, FederArte Surfing Kulturaren eskutik, kirolaren, kulturaren eta jasangarritasunaren arteko lotura indartzen duten hainbat jarduera ere antolatuko dituzte.