1990ean Donostiako Udalak Koldo Mitxelena Literatura Lehiaketa abian jarri zuenetik, helburua ez da aldatu. “Beti babestu izan dugu eskolarteko jarduna , euskarazko sorkuntza sustatu eta irakurketa bultzatu. Horiei tinko eutsi diegu”, azaldu du Alex Aisa Donostiako Udaleko Euskararen Normalkuntzarako Ataleko buruak. Larunbatan 35. edizioko sari-banaketa egin zen, eta esan, urte luze hauetan ia 40.000 lan jaso dituztela, kategoria desberdinetan banatuta. Datu horixe omen da “erantzunik onena”, pantailak erabat gailentzen ari diren garaiotan.

“Lehiaketa apenas aldatu da urte hauetan. Kategoriak bai, aldatu dira, baina helburua ez ordea”, esan du Aisak, hasierako helburuak “erabat” bete dituen lehiaketari buruz. Datuek hala diote; izan ere, 35 edizio hauetan 39.838 lan aurkeztu baitira guztira; horietako 1.273 ikasturte honetan jaso dituzte, 21 ikastetxetatik.

Lehiaketa sortu zenetik, 8 eta 18 urte bitarteko Donostiako ikasle guztiei zuzendu zaizkie sariak, euren istorioak ondoen iruditzen zaien modalitatean kontatu ahal izan dituztelarik. “Orain urte batzuk kezka sortu zen, teknologia berriek lehiaketari nola eragingo ote zioten, eta ikastetxeekin erronda egin ganuen lehiaketarekin jarraitzea beharrezkoa ikusten zuten ala ez erabakitzeko. Denek baietz erantzun ziguten, funtsezko tresna zela ikastetxeetan euskara indartzeko”, azaldu dute Udaleko ordezkariek.

Gaur egun, literatur lehiaketa honek bost kategoria ditu (komikia, poesia, ipuinak, bertsoak eta mikroipuinak), eta epaimahai profesional batek aztertzen ditu. ”Hainbeste urtetan badira izen ezagun batzuk irabazleen artean, baina, batez ere, hain mediatikoak izan ez arren kulturari eta euskarari lotuta jarraitu duten pertsonak daude. Euskararekiko grina hori, behin lehiaketan parte hartu ondoren piztu zitzaion jendea da”, Aisak dioenez.

Horietako bat Beñat Gaztelumendi bertsolaria da, ikasle zelarik askotan parte hartu eta irabazle izandakoa. “Ez dakit zenbat aldiz irabazi nuen, baina oso oroitzapen polita dut. Gogoan dut, batez ere, garai hartako irabazleak bidaian joaten ginela, eta Trentora eta Parisera joan nintzela, literaturarekiko nire grina bera partekatzen zuen jende mordo batekin”, ekarri du gogora Gaztelumendik.

Urte erabakigarriak izan ziren nire sormenaren garapenerako, batez ere bertsoak errezitatzeko kultura egon badagoen arren, idaztea ez dagoelako modan, eta oso baliagarria izan zitzaidan praktikatzeko”, dio.

Duela urte batzuetatik hona, Gaztelumendi lehiaketako epaimahaikide bihurtu da. Bera batez ere bertsoen atalean aritu arren, gainerako kategoriatan bidalitako lanak ere irakurri behar izaten ditu. “Maila handia dago. Haurrek, gainera, imajinatu ezin ditugun gauzei buruz idazten dute, eta irakurtzerakoan harritu egiten gaituzte”, azaldu du. Gainera, bertsoen kasuan, parte-hartzaile askok urterik-urte errepikatu egiten dutela adierazi du, “estiloa eta errimatzeko modua” hobetuz.

Aurrerapena antzeman egiten da, eta hori oso polita da;  nahiz eta, baita ere egia izan, urteetan aurrera egin ahala parte hartzeari utzi egiten diotela. 16 eta 18 urte bitartekoei gehiago kostatzen zaie bertso bat egitea, baina jarraitzen dutenek denbora luzeagoan eusten diote bide horri”, zehaztu du.  

Idazketa tailerra

Koldo Mitxelena sarien 35. edizioan, hainbat lagun izan ditu Gaztelumendik epaimahaian: Iñaki Martiarena Mattin ilustratzailea, eta Castillo Suarez, Ana Malagon, Inazio Mujika eta Arantxa Urretabizkaia idazleak. Guztira, 20 ikasleren 23 lan saritu dituzte, eta atzo egin zen sari banaketa Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan.

Gainera, 14 eta 18 urte bitarteko irabazleek, Nafarroako Arantzan literatura tailer batera joateko aukera izango dute, Eusko Jaurlaritzaren Urruzuno Literatura Lehiaketako irabazleekin batera. “Oso aukera polita da, eta ekimenak sekulako harrera izan du. Bertan, euren kezka bereko pertsonak ezagutuko dituzte, eta oso harreman estuak sortzen dira”, aipatu zuen Aisak.

Irabazle guztiek, gainera, literaturari lotutako hainbat opari jasoko dituzte, hala nola materialak eta kultura-bonuak; aipamen berezia lortu dutenek, berriz, 50 euro truka ahal izango dituzte kultura-produktuetan. Inolaz ere, saririk preziatuena sormenera hurbildu eta zabaltzea izaten da. “Ikus-entzunezkoekin hain lotuta dagoen hirian eta garaiotan, badirudi folio zuri bat eta boligrafo bat modaz pasata daudela, eta horrelako lehiaketak dira gauza horiek aldatzeko tresnak”, esanez amaitu zuen Gaztelumendik.