Zortzi eguneko egitarau oparoa prestatu dute Donostiako Piratek
50 lagunen eskutik lehen abordatzea egin zutenetik hogei urte baino gehiago igaro dira, eta geroztik dena iraultzeko jaio zen olatua hazi besterik ez da egin. Idatzi gabeko mapen peskizan eta inoiz nabigatu gabeko itsasoen bila tinko jarraitzen dutela agerian utzi nahi izan dute Donostiako Piratek eta, iazko ereduari jarraiki, aurtengoan ere zortzi eguneko egitarau mardula prestatu dute.
Datorren larunbatean, Flamenkan, arratsaldeko 19.30ean Ezkila Kapitainak eta Mattik txupina bota ondoren, Zaporeak elkarteko kideen laguntzarekin, era askotako ekintza piratak gauzatuko dira Donostiako hainbat txokotan: bertso saioak, kalejirak, jolasak, lehiaketak, herri bazkariak...
Gauetan, berriz, kontzertuak izango dira nagusi Flamenkan zein Trinitate Plazan; 12an, esate baterako, Iratzar erromeria, eta Ginger eta Rukula taldeak arituko dira, hurrenez hurren, 23.05etik aurrera. Ohi bezala, tokiko musikariek protagonismo handia izango dute Flamenkan (Nøgen, Mugan, Niña Coyote eta Chico Tornado eta Herenegun donostiarrak dira), baina oro har musika eskaintza askotarikoa, euskalduna eta feminista ere izango da: Flamenka osoa dantzan ipiniko duen Iratzar erromeria; Mugan, Ibil Bedi, Olaia Intziarte, Nøgen, Herenegun, Sua edo Janus Lester musikarien ahots gazteak; Esne Beltza, Delirium Tremens edota Niña Coyote eta Chico Tornado talde beteranoen ikuskizunak; Kilimaren runba goxoa; edota Ezpalak, La Excavadora edota XSakararen doinu gogorragoak.
Egun handia abuztuaren 14ean iritsiko da, Donostiako Piraten ikur bilakatu den abordatzearekin. 9.30ean ekingo diote jardunaldiari, kaian, baltsen muntaketarekin. Abordatzearen ondoren, berriz, bazkari herrikoia antolatu dute, Flamenkan
Trinitate plazako proposamenak osatuko du musika programazioa eskainza txikiagoen zale diren piraton gotorleku bilakatzeko xedez. Besteak beste, Ginger, Rukula, Indabe, Bi Zaldi, Muare, Erroka, La Jodedera edo Alarma Morea taldeak igaroko dira bertatik.
Astelehenean, abordatzera!
Programazioari erreparatuz, abuztuaren 13an, igandea Intxaurrondoko Bernart Etxepare plaza hartuko dute piratek, non Estankea abordatu ekintza eta bazkari herrikoia egingo duten. Egun handia, ordea, astelehenean iritsiko da, Donostiako Piraten ikur bilakatu den abordatzearekin. 9.30ean ekingo diote jardunaldiari, kaian, baltsen muntaketarekin. Abordatzearen ondoren, berriz, bazkari herrikoia antolatu dute, Flamenkan. Egunari amaiera emateko, bertso saioa egingo da, Trinitate plazan, eta ondoren, Indabe taldearen emanaldia, 23.45ean. Flamenkan, aldiz, Esne Beltza (20.30ean) eta Nøgen (00.30ean) ikusteko aukera egongo da.
Haurrek ere izango dute aukera partxe pirata jartzeko: abuztuaren 15ean, adibidez, umeentzako jolasak antolatu dituzte Grosen eta abordatze txikia, berriz, abuztuaren 17an izango da
Abuztuaren 15ean, kuadrilen joalasak egongo dira San Telmo plazan, eta triki-poteoa eta bazkaria Txofren, eta, 16ean, Piraten Eguna ospatuko dute Flamenkan, kantujira eta bazkari piratarekin.
Haurrek ere aukera izango dute partxea ipini eta pirata sentitzeko, izan ere, hainbat jardueratan parte hartu ahal izango dute. Abuztuaren 15ean, adibidez, umeentzako jolasak antolatu dituzte Grosen. Abordatze txikia, berriz, abuztuaren 17an izango da, 16.00etan, baina haurren egunari 11.00etan emango diote hasiera Flamenkan. Bestalde, abuztuaren 18an, haurrentzako hockey tailerra egingo da Flamenkan, 11.00etan, eta arratsaldean erraldoiekin dantzatzeko aukera izango dute 19.00etatik aurrera.
Igandean, abuztuak 20, programari amaiera emango diote Irrikitaldia izeneko festarekin, Bulebarrean.
Erasorik gabeko festa
Aurten ere Piraten Lantalde Feminista martxan da, aurreko urtean hartutako lan-ildoetan sakontzen jarraitzeko asmoz: “Piratok garbi daukagu erasorik gabeko festa eta hiria nahi ditugula jaietan ere, eta horien aurrean erantzuteko prest gaude”, adierazi dute. Gauzak horrela, kai gunean erasoak salatzeko puntu morea jarriko dute eta, bertan salaketa egiteaz gain, beharko lukeenari, Bulebarreko artatze gunera akonpainamendua egingo zaio. “Kontziente gara artatzeak pertsona profesionalek egin behar dituztela eta horregatik, Udalak, Bulebarrean, Emagin elkarteak kudeatutako artatze gunea jarriko du behar duenari lehen arreta emateko”, argitu dute. Aurten, gainera, Udalarekin egindako elkarlanaren ondorioz, gune horren ordutegia zabalagoa izatea lortu da. Hori horrela, egunean 21 orduz egongo da zabalik, eguerdiko 13.00etatik goizeko 10.00ak arte. Halere, Piraten lantalde feministako ordezkariek azpimarratutakoaren arabera, “garbi ikusten dugu ez dela nahikoa hiri guztiko erasoak puntu bakar batean artatzearekin, eta hirian zehar puntu gehiago jartzeko eskaeran berresten gara”.
Kai gunean erasoak salatzeko puntu morea jarriko dute eta, bertan salaketa egiteaz gain, beharko lukeenari, Bulebarreko artatze gunera akonpainamendua egingo zaio
Bestalde, Piraten jai-gunean jazotzen diren erasoei aurre egiteko, Barne Mailako Protokoloa landu dute, “Piraten barne egituretan arreta jarri eta harremanak zaintzeko, harreman horietan gertatu daitezkeen erasoekin lanketa berezia eginez. Halaber, erasorik gabeko jai guneak bermatzeko lanean gabiltzanez, Pirata guztiok erasoen gaineko formakuntza jasoko dugu”, argitu dute.
Azkenik, festak irauten duen bitartean zoritxarrez erasoak gerta daitezkeela aurreikusita, abuztuaren 19an, arratsaldeko 19.00etan, horiek salatzeko ekimena antolatu dute.