Donostiako kaia, ontziak soinean zeramaten adin guztiko piratez bete da gaur goizean. 16 urtetik gorako Kuadrilek, arratsaldeko 17.etan aterako diren barkuei azken zintzeladak ematen pasa dute goiza. 

lagun-multzo batzuk egunean bertan erosi dituzte flotagailuak Arnaitz Rubio

Helburu nagusia ontzia ez ondoratzea denez, lagun talde bakoitzak berezko abilezia eta asmamenarekin muntatu dituzte beraien barkuak. Gehienak egurrezko xaflekin eraikitako ontziak ziren eta ur gainean aguantatu dadin bambuzko makilak edo airezko boltsak lotuta zituzten. Gazte batzuk, asteak daramatzate egun handirako prestatzen eta beste hainbestek goizean bertan eraiki dituzte itsasontziak, bi flotatzaile zelo piska batekin itsatsiz.

Goizeko muntaiak hiru ordutegi desberdin izan ditu, lehenengoa 9.30etatik 11.00etara izan da, bigarrena 11.etatik 12.30 eta 14.00etarako barku guztiak uretan ziren.

Festa behar bezala joan dadin, berrogeitamar antolatzaile inguru gerturatu dira. Horretaz gain, beste hainbeste gaztek, kuadrilen bazkaria antolatzen pasa dute goiza, sukaldetik zetorren paella usaina handia zen, sagardo botilak hotzgailuan freskatzen ari ziren bitartean.

Errenteriako kuadrilak bere ontzia prest du arratsalderako Arnaitz Rubio

Piratek adierazi dutenez, 200 ontzi eta 1000 lagun inguru izango dira abordaiean. Beñat Arana, antolatzaileak hau dio gaurko festaren inguruan: " Portua jendez gainezka egongo da, bi urte ondoren donostiarrek gogoa dute berriro ere uretan sartzeko".

Oñatiko Rockstar kuadrilak aste bat daramatzate ontzia prestatzen Arnaitz Rubio

Itsasoa bare dago, zerua lainoz betetzen ari da, baina ez da euririk espero. Barkuak ur gainean daude jadanik,  lagun-multzoak Flamenkako eszenatoki ondoan prestatu diren mailetan bazkaria dastatzen ari dira, arratsaldean arazorik gabe Kontxako hondartzara iristeko. Dena prest dago egun handirako.