donostia - Legealdi berriari begira, Ekialdeko Barrutiaren batzordean parte hartu duten elkarteetako ordezkariek aldaketak eskatu dituzte: “Pentsatzen dugu jarduteko modu hau ez dela egokia izaten ari erabaki politikoak herritarrengana hurbiltzeko asmoa duen partaidetza-espazio bat bultza-tzeko. Guztiz kontrakoa, belaunaldi helduen artean sinesgabetasun eta higadura jarrerak indartzen ditu eta emakume eta gizon gazteenen belaunaldiak uxatzen ditu”.

2018ko ekainean osatu zen Ekialdeko Barrutiaren batzordea. Zazpi ordezkari politikoekin batera, Altza, Herrera, Intxaurrondo eta Bidebietako elkarteetako zortzi ordezkarik osatu zuten batzordea. Ibilbidea motza izan da (2018ko eta 2019ko udak eta udal hauteskundeak tartean), baina elkarteen parte-hartzea “eraikitzailea, dinamikoa eta oso bizia” izan dela diote aste honetan zabaldutako idatzian Herripe, Intxaurdi, Izbe, Osteguna, Altzako Historia Mintegia, Eman-har eta Plazandreok taldeek. Bost lantalde sortu (barrutiaren diagnosia, hirigintza, partaidetza, aurrekontuak eta berdintasuna) eta hamabi lan bilera egin dituzte, ba-tzordearen beste zortzi bilera eta bi asanblada.

Argiei dagokienez, aurrekontu parte-hartzailearen zati bat (370.100 euro) barrutiko batzarrak proposatutako proiektuetara bideratzea onartu zela gogoratu dute: 23 proposamen onartu ziren. “Baina ez dira gauzatzen hasi”, aipatu dute. Auzoen arteko gastua orekatzeko asmoz beste proiektu batzuk ere onartu zituzten. Guztiak adostuta erabaki zituzten, bozketarik egin behar gabe.

Bileretan Udaleko teknikari eta politikarien presentzia baimendu zuela lehendakariak nabarmendu dute elkarteek eta horrek zuzeneko informazioa lortzea ere ahalbidetu zuela.

itzalak Itzalen artean, dena den, “koordinaziorako eta erabakitze arin eta eraginkorrerako udal egitura politiko eta tekniko baten falta” ikusi dute: “Parte-hartze formula horretaz guztiz konbentzituta ez dagoen Gobernu talde bat antzeman dugu; bere desadostasunak barne funtzionamendura eraman dituzte behin baino gehiagotan, eguneroko lan dinamikak oztopatuz”.

“Erakunde honen izaera aholku-emailea eta elkarteen jarrera eraikitzailea izan arren, udal arduradunen beldurra ere sumatu dugu herritarrek ohikoa baino zabalagoa izan daitekeen parte hartzeko organo bat garatzeko orduan”, aipatu dute.

Azken hiru hilabeteotan batzarra ez dutela deitu eta auzoetan egiten ari diren proiektuen inguruan informaziorik ere ez dutela jaso salatu dute, baita barrutiari buruzko informazioa eta webgunea Donostiako Udalaren orri nagusitik desagertu dela ere. “Postaz baino ez digute jakinarazi ba-tzordeko presidentetza eta lehendakariordetza aldatu direla eta hauteskunde aldi berria hasi dela”, gaineratu dute.

“Barrutiaren eraketak herritarron partaidetzan eta tokiko beharren asetzean abantailak ekar ditzakeela uste dugu baina, horretarako, bidea jorratzera animatzen ari direnak zaintzeko eta hartzen diren erabakiak irmotasunez aurrera eramateko konpromisoari eutsi behar zaio”, gaineratu dute.