DONOSTIA. Aste Nagusian zehar gastronomia lehiaketak ia egunero egin dituzte: paella, legatza saltsa berdean, arkume menestra... Jaietako azken egunerako beteranoetako bat utzi dute: marmitako lehiaketa, hain zuzen ere. Atzo, berriz ere, maila altua izan zen.
Guztira 18 bikotek parte hartu zuten atzo Aste Nagusiko marmitako lehiaketan. XII. edizioa zuen atzokoa eta gastronomiari dagokionez, jaietako txapelketa beteranoetakoa da. Aste Nagusiaren azken txanpan, festa giroari agur esateko egunari zaporea eta usaina jarri zion atzo Gipuzkoako plazako arkupeetatik.
11.00etarako zuten hitzordua parte-hartzaileek eta berehala ekin zioten lanari, mantalak jarri eta labana eskuan. Ordu eta erdi zuten aurretik marmitakoa prestatzeko eta lasai aritu ziren gehienak, eskarmentua bazuten eta: "Guk hamaika urte darama-tzagu parte hartzen, beteranoak gara", aitortu zuten Xabier Rekalde eta Josu Álvarezek, Gurea elkartekoak. Behin hirugarren saria lortu zuten eta normalean laugarren edo bosgarren postuen inguruan geratzen direla kontatu zuen Álvarezek, baina atzo "irabaztera" zihoazen. Tolosako babarrunak prestatzen bai, txapela lortutakoak direla nabarmendu zuen. "Sekretua zein den? Egunero kozinatzea", gaineratu zuen Rekaldek. Patatak egosten ziren bitartean haien postutik pasatzen ziren bisitariei eskaintzeko mokadutxoa ere prestatu zuten (sagardoa eta txorizoa).
Irabazteko asmo berarekin bertaratu ziren Gipuzkoako plazara Irungo Erlaitz elkarteko Rosa Mari San José eta Rafael Díaz. Urteak daramatzate horrelako lehiaketetan parte hartzen eta hainbat sari ere lortutakoak dira, "baina Donostian ez... ea gaur eguna den". Bada, atzo ere saririk gabe itzuli ziren etxera.
Izan ere, epaimahaiak (Elena Arzak, Hilario Arbelaitz eta Martin Berasategui sukaldariak tarteko) Ibarrako Xepla elkarteko Alberto Zubelzu eta Carlos Arechagaren platera aukeratu zuen gainerakoen artean. Bigarren Txomin Ruiz de Gauna eta David Barrero donostiarrek egin zuten (Xibaritak) eta hirugarren, berriz, Lezoko Joaquín Arzadun eta Ignacio Apaolaza (Ixkulin elkartea).
"Gurea ona egongo dela uste dugu. Guretzat iaz ere ona zegoen eta horrekin, pozik", aitortu zuten Eli Artola eta Eli Murgiondo donostiarrek. Bigarren urtea zuten lehiaketan eta gustura zeuden egiten ari ziren lanarekin. Egunerokoan etxean kozinatzen ohituta daude, baina postuan zuten suari puntua hartzea zailagoa zela onartu zuten.
Postu pare bat aurrerago zuten bikotea aurtengo "nobatoetako" bat zen. Los bonitos del norte izena aukeratu zuten: "Kuadrillan botatako txorakeria bat izan zen eta izenarekin geratu ginen", kontatu zuten Hodei Urdiain eta David Estévez hernaniarrek. Lagunartean kozinatzen ohituta daude eta Aste Nagusian bertan arkume menestra txapelketan parte hartu izan dute eta bigarren postua lortu. "Baina hemen maila altua dagoela uste dugu..." Etxetik eraman zuten salda eta, izatekotan, hori dela marmitako onaren sekretua uste dute, baita lasai kozinatzea ere. Atzo ez zuten lortu, baina saia-tzen jarraituko dute.