donostia - Igor Hercek burdina lantzen aritu zen atzo Donostiako artisau azokan. “2006an hasi nintzen forjatzen. Ez dut honetan bakarrik lan egiten baina ordutik aritzen naiz honetan”, azaldu zuen.

Herce burdina lantzen ari zen eta haur asko bere inguruan lurrean eserita zeudelarik arretaz begira-tzen zioten. Bitartean, gurasoek argazkiak ateratzen zituzten mugikorrarekin eta galderak egiten zituzten aiton-amona batzuk ere bazeuden bertan. “Ikatzezko sutegian berotzen dut burdina bigundu eta forma emateko moduan jarri arte. Ondoren, forma ematen diot mailuarekin”, azaldu zuen tresnarekin burdina kolpatzen zuen artean.

Orain arte, tailer erakusgarriak bakarrik egin izan ditu Hercek, baina gaur tailer parte-hartzaileak egiten hasiko da. “Urte honetan martxan jarri nahi izan dudan proiektu bat da, ikusten baitut tailer erakusgarrietan jendeak gerturatu eta asko galdetzen duela”.

PUBLIKOAREN INTERESA Egunero ez da burdina lantzen dabilen pertsona bat ikusten kalean eta artisau azokan forjatzaile bat lanean ari-tzeak publikoaren arreta erakarri zuen. Pertsona batzuk Herce egiten ari zena ikusita, animatu egin ziren forjatzaileari galderak egitera. Bisera zeraman zazpi urte inguruko ume batek “Zergatik ez duzu burdina denbora gehiagoz uzten sutegian?”, galdetu zion Herceri. Honek, burdinak daraman olioa erre aurretik sutegitik kendu behar dela azaldu zion. Emakume heldu batek forjaren aipaingarriei buruz galdetu zion, mailuarekin burdinari formak egiten zizkion bitartean.

Bitxikeriak ikasteko eta burdina lantzeko aukera egongo da gaur Clara Campoamor plazan 11.30etik 13.30era eta 17.30etik 19.30era bi euroren truke.