“Txistorra eta 0,0 bat, mesedez”
Urtero legez, jendetza bildu da Donostiako Parte Zaharrean, Erdialdean eta beste hainbat auzotan txistorra taloak eta sagardoa dastatzeko, baina aurtengoan adingabekoek ezin izan dituzte alkohola duten edariak saldu ikasbidaia ordaintzeko, Donostiako Festak ezarritako neurria dela eta.
Donostiarrek atzoko egun eguzkitsuaz gozatu zuten, San Tomas egunean. Urtero bezala, txistorra eta sagardoa izan ziren ospakizuneko protagonista nagusiak. Gainera, 16 gradutik gorako tenperaturek jendea kalera irtetera bultzatu zuten. Lehen ordutik hiriburuko kaleak jendez lepo zeuden.
Giro ona nonahi sumatzen zen eta eguraldia aprobetxatuz, familiek edukiontziak edota bidean aurkitzen zituztenak erabili zituzten taberna barren modura, euren edariak lasai hartzeko. Norberaren taloa lortzeko ezinbestekoa zen itxaronaldiak jasatea. Jende pilaketa handia izanik, errenkada izugarriak sortu ziren Parte Zaharreko eta Erdialdeko plazetako postuetan. Bestetik, poliziaren presentzia aurreko urteetan baino nabarmenagoa izan zen, lege antiterrorista dela eta.
Orokorrean, salneurriak urteroko baremotan izan ziren. Pintxoak 1-1,50 euro bitartean zeuden. Bokatek, ordea, hiru euro inguruko salneurria zeukaten. Taloek, aitzitik, bospasei eurokoa. Hala eta guztiz ere, postu batzuk erabaki zuten eskaintza bereziak egitea, bildutako lagunen arreta bereganatzearren. Claret ikastolaren kasuan, adibidez, edozeinek txistorra pintxoa eta freskagarria 1,50 eurotan eskuratzea zeukan.
Artisautza, gazta edota gozogin-tza-saltokiak egon baziren ere, txistorra-postuak aise nagusi ziren beste behin ere. Osotara, hamahiru talo-postu eta 53 txistorra-saltoki egon ziren.
Horietatik, hamahiruk ezin izan zuten edari alkoholdunik saldu, ikastetxeak baitziren. Izan ere, Donostiako Festak erabaki zuen adingabeek ezingo zutela alkohola duten edariak saldu. Neurriak gisa guztietako iritziak sortarazi zituen, tradizioz sagardoa oso presente egon baita egun honetan. Gazteek euren ikasbidaia finan-tzatzeko asmoz antolatzen dituzte postuak gehienetan. Beraz, Udalak harturiko neurriak eragin zuzena izan zezakeen ikasleek lorturiko etekinetan.
“Hasiera batean, neurria gaizki ikusi genuen. Bazirudien diru asko galduko genuela, espero dugu sagar zukuarekin ondo joatea”, aitortu zuen Ainhoa Graciarenak, La Salle Donostiako ikasleak. Petritegi Sagardotegiko zukua ematea erabaki zuten. Alkohola saltzerik ez zutenez, behintzat produktu “bereizlea” eskaintzearren.
Ondorioz, batzuek espero baino zailtasun handiagoak izan zituzten bezeroak erakartzerako orduan. Txistorra eta sagardoa uztartzea betiko tradizioa izan denez, jende askok gainontzeko saltokietara ihes egin zuen edari alkoholdunaren bila. “Guretzat sagardoa saltzea diru iturria da. Neurri moduan, gazteek ez zuten horren gaizki hartu ikastolako afarietan ezin dutelako edari alkoholdunik edan. Beraz, onartu dute. Baina herritarrak kontu horretaz jabetzen direnean, aldameneko postura joaten dira”, tamaldu zen Aintzane, Clareteko ikasle baten ama.
Axularreko ikasle batek, aldiz, onartu zuen “batzuk beste postuetara alde egin” zutela, baina beste askok pintxoa arazorik gabe har-tzeko geratu zirela ere bai, nahiz eta sagardorik ez edan. Itziar donostiarrak neurria “ongi” ikusten zuela agertu zuen, ez baitzen postuetara “alkoholarengatik” gerturatu. Era berean, Mariak garran-tzia kendu zien edari alkoholdunei, “jendea erakartzeko bigarren mailako produktuak” direla azalduz.
Alabaina, bestelako edariak eskaintzera beharturik egon ziren ikasleak. “Horregatik dirua galdu dugu. Beste zer edo zerrekin moldatzen ari gara. Sagardoarekin mozkin handiagoak izango genituzke”, adierazi zuten La Asuncioneko Bryan Sanchezek eta Leire Monterok. Hala, ikastetxe gehienek freskagarriak, muztioa, alkoholik gabeko garagardoa eta ura saldu zituzten pintxoekin eta bokatekin batera.
Más en Donostia
-
[Fotos] Ezpata dantza de Argia e Ikerfolk Donostia conmemoran a la milenaria Gipuzkoa
-
Las altas temperaturas llenan la playa de Donostia
-
La calle San Juan de Donostia vuelve a ser peatonal el martes tras las obras en la calle Aldamar
-
El Concurso de Fuegos Artificiales de Donostia celebra su 60 aniversario por todo lo alto