donostia - Getariako Ezkurtxerri taldeak irabazi zuen atzo Euskal Herriko XXIII Txistorra Txapelketa, San Tomas egunean. Sonako sukaldari eta gastronomiaren esparruko pertsonez osaturiko epaimahaiak erabaki zuen Eguzkitza baserriko produktua aurkezturiko hoberena izan zela. Guztira 24 txistorgilek parte hartu zuten.

Agurtzane Subijanak jaso zuen errekonozimendua talde guztiaren izenean. Getariarrek, ordez, ez dute honakoa San Tomaseko lehenengo txapela, 2014ean ere txapelketa irabazi baitzuten. “Guretzat motibazio handia suposatzen du lehiaketan parte hartzeak. Urte guztiko lanaren fruitua ikusten da eta Gabonak ondo pasako ditugu”, adierazi zuen Subijanak.

Bigarren postuan, Aiako Txarritxiki izan zen. Carlos Lekube ordezkariak hartu zituen plaka eta 300 euroko saria. Txarritxiki 2013an irten zen txapeldun eta behin baino gehiagotan lortu du bigarren lekua. Podioa Arbizuko Razkin Harategiak itxi zuen, Anastasio Razkinen eskutik. Nafarrak aintzatespen-plaka eta 200 euro jaso zituen.

Epaimahaia gastronomia munduko pertsona ezagunek osatu zuten: Mikaela Popek, Elena Arzakek, Juanjo Mendiorozek, Fernando Barcenasek, Xabier Zabaletak, Amaia Ortuzarrek, Joxe Mari Aizegak eta iazko txapeldun Patxi Arangizek, hain zuzen ere.