Síguenos en redes sociales:

Azokaren muina topaleku

Azokaren muina topaleku

Ondoan lau urteko Unai zegoen, aita eta amarekin eta, inguruko baserritar itxurako haurren antzera, eguneko izarrari begira. Hari polita iruditu zitaion: “Bai, bai!”. “Lo dago?”, galdetu zion ondoan jarri zitzaion Nahiak, sei urtekoa. Zaila zen esatea, denbora luzez etzanda eta ia mugitu gabe egon baitzen Gilda, nekatuta, agian. Lei-tzako baserritik atera eta goizean goiz heldu zen Donostiara. Konstituzio plazan jarritako karpa barrutik ikusi zezakeen Askapena taldearen postuan jarritako Gilda askatu kartela. Iaz bezala, aurten ere animalien askapenerako taldekoak bere hesigunean sartu ziren txerria heldu baino lehen, animalia plazan egun osoa egotera behartzen dutela eta horren aurka egiteko.

Modu batean edo bestean, atzo hiriko erdigunera bertaratutako milaka eta milaka donostiar, gipuzkoar eta bisitariek galdu ezineko bisita zen Gilda. San Tomas eguneko festa zabaldu da azken urteotan, batez ere Gipuzkoa eta Okendo plaza inguruetara, baina azokaren (hiriaren) bihotzean jarraitzen du txerriak, Parte Zaharreko Konstituzio plazan. Zabalkunde hori dela eta, agian, lasaiago zeuden atzo goizean inguruko kaleak eta baita plaza bera ere, baina eguerdirako txistorra, talo eta sagardo usaina nagusitu ziren, baita kuadrilla eta familien arteko besarkadak eta barreak ere.

Sagarrak ere bai

Txistorra usain horren artean, sagar usaina ere sumatzen hasi zen goizean goizetik. Ohi bezala, plaza erdian kokatutako barazki eta fruta postuetatik zetorren. Garaiko produktuak ziren nagusi haien erakusmahaietan eta, guztien artean, sagarra zen ondoen saltzen ari zena eguneko lehen orduetan behintzat.

“Garai batean, gure gurasoak etortzen zirenean, jende asko erostera etortzen zen espresuki; orain festa eguna da gehiago, baina saldu, saltzen dugu”, gogoratu zuen Aitor Elosegik, Gabiriako Oñati Txiki baserrikoa. Lehen saria lortu zuen atzoko lehiaketan eta horrelako sariketak nolabaiteko laguntza badirela onartu zuen. Aurten sagar gutxi izan dela eta gehiena saldu dutela jada aitortu zuen, “ez da urte txarra izan”, baina atzo Donostiara ekarri zituen saskiak hustutzen ari ziren poliki-poliki. Ondoan sagar zukua ere bazuten salgai eta, berria izanda, jendea ezagutzen ari dela eta harrera ona izaten ari dela kontatu zuen. Azken urteotan bezala, hiriaren bihotzetik disfrutatu zuen atzo San Tomas eguna Elosegik.

Ondoan Ane Zeberio zuen, aurten, lehenengoz, Bretxako eguneroko postua utzi eta Konstituzio plazan kokatuta. Produktu berriekin ari da lanean hernaniarra ere, barazki garbiak poltsetan salduta (Lixto izenarekin), eta lehen orduetako joera aztertuta, baikor zen: “Jende asko dator begiratzera, hori egia da, baina erosten dutenak ere badira, mugimendua badago”. Bere postuak bigarren egin zuen barazki eta fruta postuen lehiaketan eta Jose Salaberria Memoriala irabazi zuen. Diruaz gain, horrelako sariek “aitorpen” edo “errekonozimendu” modukoak badirela onartu zuen Zeberiok, eta “izena” lortzeko ere mesedegarri direla.

Arantxa Zapirainentzat ere lehen urtea zen Konstituzio plazan. Dendetan eta furgonetarekin Donostiako hainbat auzotan aritzen da saltzen Errenteriako Eguzki Borda baserrikoa (Herreran bukatzen du egunero) eta Parte Zaharreko esperientzia gogotsu hartu zuen. “Ea nola doan lehen urte hau...”

Haien postuetatik 18.00etara arte milaka pertsona ikusi zituzten alde batera eta bestera eta tartetxo bat ere hartu zuten askok (Gildak ezin) postutik atera eta festa giroaz gozatzeko eta txistorra bokata edo taloa dastatzeko. Postuak han eta hemen, usainak nahastuta eta baserritar jantziak nonahi, landa eta festa giroak itxuraldatu zuen, beste behin ere, Donostiako eta San Tomas eguneko bihotza den Konstituzio plaza.

Verduras

1º Aitor ElosegiGabiria

2º Ane ZeberioHernani

3º Ezozi EtxeberriaSoraluze

Frutas

1º Carmen EtxeberriaBergara

2º Ane ZeberioHernani

3º Ezozi EtxeberriaSoraluze

Memorial J. Salaberria

Ane ZeberioHernani

XXIII concurso de txistorra

EzkurtxerriGetaria

Txarri-txikiAia

RazkinArbizu

Concurso de miel

Marcos PagolaHernani

Concurso de espantapájaros

Usandizaga-Peñaflorida Donostia