Síguenos en redes sociales:

“Iragana, oraina eta geroa josteko” urtea

axular lizeoak mende erdia beteko du 2019an eta ospakizunak abiatu zituen atzo donostiako udaletxean

“Iragana, oraina eta geroa josteko” urtea

Mende erdia ospatzeko antolatu dituzten ekitaldi nagusien berri eman zuten eta 50 urteak direla eta argitaratu duten liburua ere aurkeztu zuten. Ekitaldian Eneko Goia alkatea izan zuten gonbidatu, baita Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko lehendakaria ere.

Hala, Danborradarekin batera abiatuko dituzte ospakizunak, ekitaldi berezia antolatuko baitute. Martxoaren 1ean ekitaldi nagusia egingo dute Victoria Eugenia an-tzokian eta ikasturte amaierako festa ere berezia izango da aurten. Ekintza batzuk ikastetxean bertan egingo dituzte, baina beste batzuk kalean, hiritarrekin batera ospa-tzeko urteurren berezia.

Atzoko aurkezpenean atzera ere begiratu zuen Claudio Artesano ikastolako lehen lehendakari izandakoak eta baita Mikel Eguren oraingoak ere: Gurutziaga izenarekin Aieteko elizaren atzealdean ematen zituzten hasierako urte haietan eskolak lehen andereñoek. “Zenbat lan egin zuten; hari helduta, gero beste hainbatek bidea osatu dute”, aipatu zuen Egurenek.

Jesus Etxaniz zuzendari ohiak koordinatu du 50 urte hauetako errepasoa egiten duen liburua eta Axularrek garai diferenteak bizi izan dituela nabarmendu zuen: sorrera, biziraupen garaia, sendo-tze garaia eta berrikuntzarena. 25 urte betetzean ere liburua kaleratu zutela eta hori berrargitaratu dute orain. Gainera, 50 urteko edizioan, batez ere argazkiek eta lehen pertsonan kontatutako testigantzek izan duten garrantzia nabarmendu zuen, eta Axular osatzen duten familia guztientzat oroigarri moduan kaleratu dutela ere bai. Portadaren diseinua Uxue Auzmendi ikaslearena izan da.

Urte hauetan “etengabe berritzen” saiatu direla nabarmendu zuten Aintzane Tolosa eta Mattin Alijostes irakasleek, ikastolen ereduaren baitan. Ildo horretan eta eredu pedagogiko berriak garatzeko bidean, aurten egindako aldaketa nagusia nabarmendu zuten: lizeoaren espazioen egitura berritu dute, pareta asko botata eta gelak eta aretoak zabalduz. “2019. urtea handia izango dugu, iragana, oraina eta geroa josteko urtea”, nabarmendu zuten.

Aurkezpen saioa amaitzeko Iker Lauroba musikari eta ikastolako ikasle ohiak urteurrenerako konposatutako abestia aurkeztu zuten udaletxean.