Donostia - Elizarekin lotuta eman zituen lehen pausuak eta ordutik Ibaeta osoaren eraldaketaren lekuko izan da Ibai Ikastola, lokal txikietatik hasieran eta gaur egungo muinotik ondoren. Ibai Ikastolak 50 urte bete ditu aurten eta ikasturte amaiera berezia bizitzen ari dira azken asteotan: elkar ikusteko, atzera begiratzeko eta ospatzeko egunak dira. Maiatzaren 19rako ikasle, irakasle eta langile ohiak frontoian elkartuko dira bazkari berezi batean eta Egan taldearen musika ere izango dute lagun.
1968.ean sortu zen Ibai Ikastola. Dikatura urteak ziren, garai itogarria. Elizarekin lotuta, gazte txoko dezente sortu ziren Donostian, baita Ibaeta auzoan ere. Ibai ikastola ere horrela sortu zen: auzoaren laguntzari esker, Ibaetan ikasgela batzuk sortu ziren, ikastolaren hazia. Nekane Arruabarrena izan zen lehenengo andereñoa urte haietan. Hurrengo urteetan, Jone Goikoetxea, Tere Etxeberria eta Joxe Mari Larrarte ere irakasle taldera gehitu ziren.
Ibaeta ez zen gaur egungo auzoa eta ingurua baldintzatu zuen azpiegitura batek Ibai Ikastolaren etorkizunean ere eragin zuen: A-8 errepidearen eraikuntza hasi zenean ikastolak erabiltzen zuen aretoa bota zuten. Horrela, 1972. urtetik aurrera eta zazpi ikasturtez, alde batetik bestera ibili ziren irakasle eta ikasleak, egoitza finkorik gabe: Santa Teresa ikastetxean, Santo Tomas Lizeoan, Ibaetako Eskola Nazionalean...
Gaurko ikuspegitik begiratuta, urte haiek gogorrak izan zirela dio Aitor Cerezo 50. urteurrenaren koordina-tzaileak. Horregatik izan zen hain garrantzitsua 1978-1979 ikasturtean ikastolaren eraikin propioa sortzeko lanak hastea, Aingeru Zaindariaren 17.ean. Hurrengo ikasturtean, ikastola berrian, hamahiru talde hasi ziren lanean. Lehen eta Bigarren Hezkuntza eskaintzen zuten hasieran eta 1987. urtean Batxilergoa ere sortu zuten.
publifikazioa Horrela heldu ziren 1993. urtera, Euskal Eskola Publikoaren legea onartu zen urtera. Ikastolek, Ibai barne, arlo pribatuan kontzertatu moduan mantentzea ala sare publikoan sartzea erabaki behar zuten. Cerezok kontatu du Ibairentzat ere erabakia ez zela batere erraza izan, batez ere ikastetxearen izaera eta proiektuak aldatzeko arriskua ikusten zutelako. Gainerako lekuetan bezala, Ibaetan ere eztabaidak egin zituzten eta azkenean publifikazioaren bidea hartu zuten.
Gaur egun, Haur eta Lehen Hezkuntza eskaintzen jarraitzen du Ibai ikastolak eta bertako ikasleak Antigua Luberriko institutura pasatzen dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza osatzera.
“Gaurko egunean Ibai Ikastola ibaetarren euskararekiko konpromisoaren benetako ikurra da”, aipatu du Aitor Cerezok. Izan ere, auzoa bera ikastolaren historiaren lekuko ere izan da sortu zenetik. Horregatik, eta aurtengoa urte berezia izanda, auzoko festetan parte hartu zuten ikasleek martxoaren hasieran. Musikenen urteurrenaren harira prestatutako abestia ere aurkeztu zuten orduan eta apirilean mendi irteera egin zuten.
urteurrena Urteurrena ondo bukatzeko eta datorren larunbateko bazkariaren ondoren, argazki erakusketa bat ere jarriko dute eta ikastolaren historia biltzen duen liburua salduko. Ekainaren 2an, ikastolaren jaialdian, eskolan sukaldatutako paella handi bat jateko aukera ere egongo da. Horrez gain, ikasle eta irakasle ohiei omenaldiak egingo dizkiete egunean bertan. “Dan-tza erakustaldiak eta txikientzako puzgarriak egongo dira ikastolaren ikasturte bukaerako festan”, kontatu du Cerezok. Egun borobilarekin eman nahi diote bukaera ospakizunez beteriko urte bereziari.