Urduri, pozik, ezinegona baretu ezinik. Victoria Eugenia antzokiko atzoko giroa ezin da beste ezerrekin parekatu. Pil-pilean dagoen lapiko baten tankera zuen besaulki patioak, non kezkak ere bazuen lekua, eguraldiak eraginda.

Easo Abesbatzak eta Gero Axular dantza taldeak eman zioten hasiera atzoko jai handiari. Denentzat zen egun ahaztezina, baina ba ziren bi ikastetxe modu berezian bizi izan zutenak: San Patricio eta Ibai. Eskola ingeleseko ikasleak dira aurtengo danborradaren pertsonaiak, Easo Ederra eta Jenerala besteak beste, eta Ibaikoa da Danbor Nagusia.

Baina beste 5.000 lagun inguru aterako dira, eguraldia lagun, Donostiako kaleetatik zehar etzi eguerdi partean.

Horien ordezkaritza zabala zegoen atzo Victoria Eugenian, non beste hainbat lagunekin elkartu ziren. Han izan ziren aurtengo Urrezko Danborra, Richard Oribe; Real Sociedadeko nesken taldeko kide diren Ane Etxezarreta eta Cristina Cornejo; eta Dbusen San Sebastian egunean "jo eta ke" arituko diren Xabier eta Nagore. Denak goruntz begira, hodeiak uxatzeko asmoz.

Baina jai egunetan beldurrak alde batera utzi eta ondo pasatzeko aukera aprobetxatu behar da eta hala egin zuten danborrari gazteek, aurtengo San Sebastian egunean hiru pieza berri joko dituztenak.

Ekilibristak, marrazki bizidunetako pertsonaiak eta kirolariek eman nahi izan zieten babesa Donostiako jai handiko oraina eta etorkizuna direnei. Eta hauek diren umeak bezala aritu ziren jolasean besaulkietan.

Ohitura den legez, "familiko argazkiarekin" bukatu zen atzoko ekitaldia. 49 konpainietako ordezkariak igo ziren oholtzara eta han jo zuten, 2018an ofizialki lehen aldiz, San Sebastian Martxa.

Gazte, guraso, ikastolako arduradunak eta bertan zeuden guztientzat izan zen une hunkigarria. "San Sebastian eguna iristear dago eta berriz ere, urtero bezala, donostiarrak izateaz harro egongo gara", esan zuen Festetako zinegotziak, Alfonso Gurpegik. Bera izan zen Donostiako alkatearen bozeramaile eta bere izenean egin zuen egun handian disfrutatzeko gonbitea. Agurra, ezinbestekoa: Gora Donostia!