donostia - Egun on, gela bat nahi dut edo kontua, mesedez esamoldeak ikasteko eta banketxea, udaltzaingoa, hondartza edo komuna bezalako hitzak ikasteko aukera izango dute hemendik aurrera bisitatzen gaituzten turistek. Dendetan, turismo bulegoan, hoteletan eta tabernetan banatuko dituzten euskarazko hiztegi txikiak horrelako hitz eta esamolde sinpleak jasotzen ditu eta beste zazpi hizkuntzatan itzultzen ditu: gaztelania, katalana, galiziera, frantsesa, ingelesa, italiera eta alemana.
Duela zortzi bat urte egin zuten an-tzeko hiztegi bat baina hura eguneratu eta osatu dute orain Udalak eta Bagera elkarteak elkarlanean, ostalarien eta merkatarien laguntzarekin eta 2016ko bulegoarekin batera (Euskarriak proiektuaren baitan). “Helburua turistak euskararen presentziaz ohartaraztea da eta hizkun-tza haiengana gerturatzea”, azaldu zuen atzo Miren Azkarate Euskara zinegotziak. Turistek horrela tabernetan, dendetan eta kalean idatzita ikusten dituzten hitzak ulertuko dituzte eta euskaraz saio batzuk ere egin ditzakete. Agurrak, leku izenak, ostalaritzari lotutakoak, egunak eta zenbakiak jasotzen ditu hiztegiak.
Glosarioaz gain, euskarari buruzko informazio gehiago ere jasotzen du hiztegiak eta formatu txikia duenez, poltsikoan eramateko modukoa da. Oraingoz 80.000 ale banatu dituzte eta dagoeneko 50 bat hoteletan eta 100 denda eta tabernetan eskuratu daiteke. Zinemaldian, Musika Hamabostaldian eta horrelako ekimenetan ere banatuko dute. - A.Z.