donostia - Donostiako Piratek antolatuko dute aurten Egiako Sudur Krosaren zazpigarren edizioa. Orain artean Jon Jaka auzotarra izan da lasterketa herrikoiaren antolatzailea baina iazkoaren ondoren lan horiek utziko zituela iragarri zuen. Azkenean, Piratek erabaki dute antolaketa lanak haien gain hartzea eta jada izena emateko epea zabaldu dute. Parte hartu nahi dutenak herrikrosa.eus webgunean apuntatu daitezke eta zazpi euro ordaindu beharko dituzte.
Sudur krosaren ezaugarri nabarmenena jai giroan egiten den lasterketa dela da: mozorroak eraman daitezke eta korrikalari batzuk sudur handiak ere jartzen dituzte. Gainera, helduen frogaz gain, 2013 urteaz geroztik Sudur Txiki lasterketa ere antolatu dute gaztetxoen-tzat, hamabi urtez beherakoentzat, helduen irteeraren aurretik. Lasterketa sinbolikoa da eta ez dago sailkapenik edo irabazlerik, parte-hartzaile guztiek jasotzen baitute oparitxoa. Adinaren arabera, 50 metroko ibilbidea (txikienek, gurasoen laguntzarekin) edo 900 metrokoa osatu behar izaten dute (10 eta 12 urte bitartekoek). Beteranoen kategoria ere sortu zuten.
Helduei dagokienez, aurreko urteotan bezala sei kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, hiru kilometroko zirkuituari bi buelta emanda Cristina Enea parkean zehar (eskailerak ere badaude bidean). Iaz 240 lagun elkartu ziren lasterketa herrikoian eta aurten ere Donostiako Piratek jai giroa bermatu nahi dute. - A.Z.