jendez gainezka esnatu zen atzo Konstituzio enparan-tza beste behin ere Donostiako Sagardo Eguna ospatzeko. 30. aldiz milaka lagun hurbildu ziren Alde Zaharreko plazara, arkupetan kokatutako 35 ekoizle gipuzkoarren 2014ko uztaren azken litroak dastatzeko.

Eguraldia lagun, giroa goiz berotu zen. Donostiarrek nahiz kanpotarrek alferkeria astindu eta 11.00etarako Alde Zaharreko kaleak bete zituzten, 8.000 litro sagardo, bakailao-tortilla, txorizo eta gazta pintxoekin asetzeko.

Aurten, gainera, egitarauak zenbait nobedade izan zituen. Nabarmenena, Konstituzioan bildutako jendeak sagardoa nola egiten den ikusteko parada izan zuela eta, bide batez, ekoizleen lana hurbilago ikusteko aukera ere.

Bestalde, hainbat postu ere jarri zituzten plazan. Adibidez, Fruitel elkarteak zenbait sagar mota erakutsi zituen eta Albaola Faktoriak arrantzaleek Atlantikoa zeharka-tzen zutenean sagardoak izan zuen garrantziaren berri eman zuen.

Eta, ohi denez, azken urtean erretiratu diren bi ekoizleek omenaldia jaso zuten Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearen eskutik. Abaltzisketako Zalbide sagardotegiko Jose Martin Garmendia eta Usurbilgo Aginagako Miguel Errasti hunkituta agertu ziren eguerdian izandako ekitaldian. Ondoren, Aitor Mendiluze eta Sebastian Lizaso bertsolariek bertso bana bota zituzten.

Bazkal ordurako ez ziren litro askorik gelditzen, baina parranda egiteko gogorik bai. Festak ez du etenik eta gaur jarraituko du Kontxako ikurrinaren lehenengo igandeko estropadarekin. - N.G.