donostia - “Euriarekin piratak ez dira beldurtuko, ez?” Atzo, behin-tzat, ez ziren kokildu. Megafoniatik Donostiako Piraten Batis bozeramaileak botatako galderari lanarekin erantzun zioten Abordaian parte hartu behar zuten milaka gazteek. Goiza euritsua izan zen eta baltsak muntatzeko orduan blai eginda bukatu zuten askok. Hala ere, umoretsu eta gogotsu, portutik pasatzen ziren turistak aho zabalik utzi zituzten.
Hamaika urte hauen ondoren, Kontxa konkistatu nahi dutenen artean pirata profesionalak daude, baina baita hasiberriak eta amateurrak ere. Profesionalen artean, dudarik gabe, Alde Zaharra eta Orereta izenarekin ureratu zen koadrila. “Lehenengo urtetik atera gara eta beti baltsa bera egiten dugu, materiala berrerabiltzen”, kontatu zuten goizean paleak elkartzeko 200 torlojuak jartzen zituzten bitartean. Haien estrategia kontatu zuten: azkenak atera-tzen dira, “coche escoba bezala”, eta beste baltsetatik eroritakoak ere jasotzen dituzte haien paleen gainean. Lehenak ez, baina beti iritsi dira Kontxara.
Profesionalen mailara heldu dira, baita ere Groseko Manada taldekoak. Hirugarren urtea zuten aurten, baina hiru metroko altuera zuen estruktura handi bat prestatu zuten. Lehenengo aldian ez zuten lortu hondartzara iristea eta ordukoak ikasita, oraingoan baltsa “suntsiezina” nahi zuten. Baltsa baino, itsasontzia zirudien: “Guztien artean ikusiko gaituzte, bai”, zioten gazteek erremolkean gerturatutako kaiola porturantz zeramaten bitartean. “Very nice”, bota zien ondotik pasa zen turista batek harrituta.
Amateurren kategorian, adibidez, Altzako EBK taldeko neskak kokatuko lirateke. Bigarren urtea zuten atzo eta aurrekoan funtzionatu zutenez, atzo ere puztutzeko lantxak erabili zituzten. Egitura sinplea. “Baina bai, bai, iritsiko gara”, zioten seguru.
inbidiak jota Hasiberriak, berriz, asko ziren atzo. Guztiek motibazio bera zuten: aurreko urteotan Abordaia ikusle moduan bizi ondoren, inbidia eman zien eta festa uretatik bizitzea erabaki zuten. “Ez dugu uste flotatuko duenik, baina saiatuko gara”, onartu zuten Juankar exking of Spain taldeko donostiar eta arrasatearrek: “Bestela igeri egingo dugu baina iritsiko gara!”
Lehenengo urtea izanda ere, originalak izatea erabaki zuten Doctor Oso taldeko antiguotar eta amaratarrek eta umeen jolasteko sukalde bat montatzen ari ziren atzo paleen gainean. Beste batzuk aukera basikoagoa egin zuten abordaiaren lehen saiorako, Kikimaruko neska gazteak bezala. Paleak eta puztutako poltsak erabili zituzten flotatu eta ez hondoratzeko: “Saiatuko gara lehorreratzen!” Egitura antzekoa erabili zuten baita Tijela Crew taldeko neskek. “Urteak daramatzagu atera nahian baina epea pasatu egiten zitzaigun”.
Poltsak ia denek erabili zituzten eta azkenean Piraten aurreikuspenak motz geratu ziren. Horregatik, izena emandako 400 taldeetatik gutxi batzuk portuan geratu behar izan zuten. Gainerakoek gogotsu jarraitu zuten baltsen muntaketa lanetan, eguerdirako euria uxatu zuten arte.