donostia - Mobilak, patinete bat, botilak, barruko arropa, gurpilak... eta sofa bat. Ia denetarik aurkitu zuten atzo Donostiako portuko urak garbitzera sartu ziren urpekari boluntarioek. Bi ordu eman zituzten zikinkeria jasotzen eta traste batzuk atera zituzten; beste batzuk, ordea, itsas hondoan gelditu ziren, hurrengo garbiketaren zain.

Euskadiko Kirol Portuak (EKP) antolatuta, Realeko itsaspekoen atalekoak aritu ziren urak garbi-tzen. "Uste genuena baino gehiago dagoela ikusi dugu", aitortu zuen Iñigo Seco urpekariak. Atzo eskuekin, sare txiki batekin eta sokaren laguntzaz aritu ziren materiala ateratzen eta horregatik ezin izan zuten ikusi zuten guztia atera. Sofa, esaterako, hurrengo garbiketa baterako geldituko da itsas hondoan.

Bitxikerien artean, umeen patinetea, kartel batzuk eta tangaren bat atera zituzten uretatik urpekariek. "Museo bat dago hor azpian", gaineratu zuen Secok portutik atera ondoren.

"Urtero egiten ditugu itsas hondoko garbiketak, normalean negua bukatzean eta aurten ere egin genuen otsaila eta martxoko denboraleen ondoren", azaldu zuen Edurne Egaña EKPko zuzendariak, garbiketaren lekuko izan baitzen Donostian. Atzokoa, dena den, berezia izan zen: Ozeanoen Nazioarteko Egunaren harira, larunbat batean egin zuten, boluntarioekin eta jendearen aurrean, herritarrak sentsibilizatzeko helburuarekin.

Batzuk behintzak konbentzitu zituzten, portutik paseatzen ari ziren asko eta asko gelditu baitziren uretatik ateratako zabor guztiari begira.

gaur, zurriolan Gaur beste garbiketa bat izango da, oraingoan Surfrider Foundation Europe elkarteak eta Surfer Rulek antolatuta Zurriolako hondartzan. 11.00etan izango dute hitzordua boluntarioek eta ondoren hitzaldi bat eskainiko dute elkartekoek, itsasora botatzen diren zaborrek eragiten dituzten kalteei buruz. Kirol jarduerak ere antolatu dituzte ondoren Zurriolan (12.30etik aurrera) eta parte hartu nahi dutenek gaur bertan eman dezakete izena hondartzan bertan.