donostia - Datorren urteko Haur Danborradak bi melodia berri joko ditu. Gau Ibilera eta Hau dek hau abestiak izango dira errepertorioari gehituko zaizkionak 2015etik aurrera. Horrela erabaki zuten asteazkenean Victoria Eugenia an-tzokian egin zuten bileran Haur Danborradako ordezkariek. Zehazki, 32 izan ziren bertaratutakoak (guztira 45 danborrada daude, batzuk bi konpainia badituzte ere).
Bi kantu berriak jada ezagunak dira helduen danborradetan. Zehazki, Gau Ibileraren musikagilea Sarriegi maisua izan zen eta Hau dek hau melodia Azarola musikagileak sortu zuen.
Donostia Kulturak atzo jakinarazi zuenez, gaztetxoek melodia berriak ikas ditzaten ikus-entzunezko materiala sortuko du eta helaraziko die Haur Danborradan parte hartzen duten ikastetxe eta elkarteei. Material horretan zehaztuko dituzte bai zuzendariek egin beharrekoak eta baita danborjoleek eta upela daramatenek egin beharrekoak ere.
berrikuntzak Azken urteotan melodia berriak ari dira gehitzen San Sebastian Eguneko errepertoriora. 1813ko sarraskiaren bigarren mendeurrenaren harira, Donostiako Antzinako ereserkia jo zuten gaztetxoek eta helduek Danborradan eta aurten errepikatu dute.
Bestalde, helduen danborradari dagokionez, banderaren igoeraren ekitaldian kantu berriak entzuten dira Konstituzio plazan azken urteotan. Sarriegi maisuaren Oilar Zaldieria eta Atso Zaldieria jada festaren hasieraren parte dira. Herrikosemeen erasoaren doinuak ere ohikoak dira urtarrilaren 20ean, baita datorren urtetik aurrera Haur Danborradako gaztetxoek joko dituzten Hau dek hau eta Gau Ibilera ere.