5.000 gaztek baino gehiagok hartu dute parte baina sariarekin etxera joan zirenak gutxiago izan ziren: 143. Victoria Eugenia antzokian izan ziren guztiak asteburuan, eskolarteko XXIV. Koldo Mitxelena literatura lehiaketaren, Giza Eskubideen inguruko haur eta gazteen margolanen eta Auzoka sorkuntza bideo lehiaketaren sariak jasotzeko.

Saritutako lanak Bazen Behin liburuan argitaratu dira eta ale bana jaso zuten igandean autoreek (ikastetxeetan ere banatu dituzte).

2013an Donostiaren bigarren mendeurrena betetzen dela eta, lehiaketetan gai hori lantzeko gonbita egin zitzaien ikasleei eta erantzuna ezin hobea izan da Donostiako Euskara Zerbitzuaren arabera, aurkeztutako lan gehienetan era batera edo bestera gai hori jorratu dute eta.

Zehazki, Koldo Mitxelena sarian 32 ikastetxek parte hartu dute eta 1.744 ikaslek guztira 1.824 lan aurkeztu dituzte. Lukas Pagola Uriarte, Uxue Barandiaran Rodríguez, Maider Rua Gual, Jon Ander Alonso Ortiz de Elguea, Lorea López Ederra eta Iñigo Álvarez Aguado izan ziren sarituak komikiaren alorrean; olerki onenak, aldiz, Maria Etxeberria Izutegi, Araitz Eguren Andonegi, Irene Álvarez Olaberria eta Ane Villagran Arrastoa ikasleenak izan ziren; ipuinen atalean sarituak Arantxa Manterola Aramendi, Joseba Goiburu de Pedro, Itziar Lamarka Arrizabalaga, Sara Ayesa Ruiz, Ander Lizarza Otaño eta Xabier Goicoechea Ibarbia izan ziren; azkenik, bertso onenak Jon Auzmendi Del Valle de Lersundik, Asier Ibarguren Amondarainek eta Haritz Otxotorena Uraldek aurkeztu zituzten.

Giza Eskubideen margolanen bederatzigarren ekitaldian, berriz, elkartasuna, errespetua, lankidetza eta aurrera egiteko balioei buruz gogoeta egin behar zuten parte-hartzaileek eta aurten 3.013 haur eta gaztek parte hartu dute, 2.159 bakarkako lanekin eta 846, taldeko lanekin. Azkenik, Auzoka hirugarren sorkuntza bideo lehiaketan hamar eta hamalau urte bitarteko gaztetxoek haien abileziak erakutsi dituzte webean zintzilikaturiko bideoetan. Guztira 16 taldeko lan saritu dituzte lehiaketan eta auzoka.net helbidean daude ikusgai.