Donostia. Gaztetxoak eskolatik kanpo ere, aisialdi garaian, euskaraz aritu daitezen Parketarrak ekimena abiatuko dute gaur arratsaldean Alde Zaharrean. Proiektua Martutenen estreinatu zuen Udalak duela hilabete batzuk, auzoko bizilagunekin elkarlanean, eta emaitza positiboak izan zirela kontuan hartuta, orain beste auzoetara zabaltzea erabaki du.
Hala, Parte Zaharrean Bizi auzo elkartearekin batera eta Urtxintxa eskolakoekin batera, gaur arratsaldean izango dute lehenengo hitzordua. Begirale batzuk izango dira Zuloaga plazan eta haurrei eta gurasoei euskaraz aritzeko joku eta jolasak erakutsiko dizkiete. Bi sesio prestatu dituzte, gaztetxoen adinaren arabera: Zabu Zibu deitutakoa hiru eta bost urte bitarteko haurrentzat izango da, 17.00etatik 18.00etara. Ondoren, 18.00etatik 19.00etara sei eta bederatzi urte bitarteko gazteekin arituko dira jolasean, Txirrintxon izenarekin bataiatutako sesioan.
Monitoreen helburua gaztetxoei eta haien familiei baliabideak ematea da, ondoren euskaraz jolasten jarrai dezaten. Hala, Urtxintxa eskolako teknikariak gaur eta hil honetako ondorengo asteazkenetan izango dira Zuloagan, baina gainerako egunetan haurrek ikasitako joku eta jolasekin haien kabuz jarraitzea da helburua.
Parte Zaharrean Bizi auzo elkartekoek gurasoei dei egin diete gaur eta ondorengo asteotan Parketarrak ekimenean parte har dezaten haien seme-alabekin.