Donostia. Donostiako Udalak antolatzen dituen Oporretan euskaraz udaleku irekietan parte hartzeko izena emateko epea bihar zabalduko dute. Hala, hilaren 9tik 15era izango dute 2002 eta 2008 urteen artean jaiotako gazteek inskripzioa egiteko aukera: Interneten bidez egin dezakete edo Konstituzio plazan dauden bulegoetan, 10.00etatik 17.30era.

Udalaren Euskara zerbitzuak antolatzen ditu urtero (20 urte darama-tza horretan) udaleku ireki hauek uztailan zehar, 9.30etik 13.30era. Astean behin egun osoko irteera ere izaten dute haurrek, 9.30etik 17.30era, haur hezkuntzakoek izan ezik. Udalekuetan mota guztietako jarduerak egiten dituzte: hondartzara joaten dira, hiriko parke eta lorategietan jolasak egiten dituzte, euria egiten duenean eskola edo haurtxokoetako gelak erabiltzeko baimena izaten dute jolas, tailer eta txapelketak egiteko, ingurugiroa lantzen dute... Euskara lantzeko eta erabiltzeko helburua ere betetzen dute.

Guztira aurten 78 talde osatuko dira eta, gehienez, hamabi haur izango dira bakoitzean. Hala, guztira 936 plaza eskainiko dituzte. Taldeak ereduaren, jaiotze urtearen eta jasotze puntuaren arabera eratzen dituzte.

Izena eman duten haurren zerrenda hilaren 16an ikusgai egongo da Euskara zerbitzuaren iragarki taulan eta www.euskaraz.net eta www.donostia.org helbideetan. Egun horretan, zerrendan ager daitezkeen datu okerrak zuzentzeko aukera egongo da. Ondoren, plazak zozketa publiko bidez eskainiko dira hilaren 20an eta emaitzak egun horretan bertan jarriko dira jendaurrean (iragarki taulan eta Interneten).

Donostiako Udalak azaldu duenez, hilabete osoko kuota 149,21 eurokoa izango da, ohiko salbuespenekin: familia ugariek 111,91 euro ordainduko dituzte eta familia ugari bereziek, 74,60. Gizarte laguntza jasotzen duten familietako haurrentzat 14,92 eurokoa da kuota.