Donostia. Añarbeko basoan, Aiako Harria parke naturalaren baitan, Errekabeltz ingurua Donostiako Udalaren parte da eta gune horren babesa areagotzeko eskatuko dio Udalak Eusko Jaurlari-tzari. Gaur egun, 118 hektareako lur horiek eta Errenteriako udalerriaren parte den Añarbeko basoak parke naturalak berak duen babesa daukate. Baina bai Errenteriak eta baita Donostiak ere ingurua erreserba eremu izendatzeko eskatuko dute, hori baita babes mailarik altuena.

Axier Jaka Donostiako Ingurumen zinegotziak atzo agertu zuenez, baso osoaren balio ekologikoa garrantzitsua da: Gipuzkoako harizti handiena dago bertan eta animaliei dagokienez, okil beltza, kukulumera eta piriniar muturluzea bizi dira Añarbeko basoan eta Errekabeltzen, Jakak aipatu zuen moduan.

Gunea erreserba eremu izenda-tzeak esan nahi du momentu horretatik aurrera inguruan bakarrik lur horiek babestera bideratutako ekimenak garatu ahal izango liratekeela.

Errekabeltz eta baso osoa Añarbeko urtegiaren ondoan daude eta inguru guztia babesteak bertako uraren kalitatea ere hobetuko lukeela nabarmendu zuen atzo Añarbeko Uren Mankomunitateko lehendakari Nora Galparsorok. "Urtegira doazen ibaien goi ibarrak baso horietan daude. Donostiar ia guztien etxeetan daukagun uraren jatorria urtegia da eta, beraz, bertako uraren kalitateak gure osasunean ere eragin zuzena dauka", gaineratu zuen.

Gaurko Gobernu Batzordean onartuko dute Donostiak Jaurlaritzari Errekabeltzen babesa areagotzeko egingo dion eskaera.