"ASKO dago egiteko egun hauetan Donostian, diru gehiegi gastatu gabe eta ondo pasatzeko moduan. Eta eguraldi txarra ez dugula izango esan didate". Mayte Rodríguez aurtengo Momo jainkosak donostiar guztiak animatu zituen atzo asteburuan mozorroak jantzi eta kalera atera daitezen Inauteriekin gozatzera.
Festa ostegunean abiatuko da, orduan helduko baita Momo Donostiara. Ostiralean lehiaketan parte hartuko duten 27 konpartsen aurkezpena izango da (2.500 pertsona baino gehiago aterako dira horietan dantzatzen) eta astebururako programa zabala da. Besteak beste, larunbatean eta igandean talde horien desfilea izango da arratsaldean eta konpartsa tradizionalak eta txarangak ere arituko dira han eta hemen goizetik gauera. Gainera, iaz arrakastatsua izan zenez, aurten ere Antzoki Zaharrean Tomax eta Hipo pailazoen emanaldia izango da larunbat arratsaldean (18.00etan), mozorrotuta doazen haur eta helduentzat.
Berrikuntzen artean, Nerea Txapartegi Kultura ordezkariak igande eguerdiko euskal inauteriek konpartsa estreinatuko dutela aurreratu zuen. Gero Axular taldearen eskutik, antzinako inauteriak berreskuratu nahi ditu ekimen honek eta aurten artzain, erraldoi eta buruhandien konpartsa sortu dute, koreografia propioekin.
Inauteriak, ohi bezala, datorren astelehenean amaituko dira, sardinaren ehorzketarekin. Ondoren, Altzako Eltze festa geratuko da oraindik (hilak 17an): izan ere, Alde Zaharreko eta Erdialdeko programaz gain, hiriko beste auzoetan ere izango dira Inauteriak hurrengo egunotan.
Esan bezala, egun hauetan hiria Momoren gidaritzapean egongo da. Rodríguez atzo pozik eta harro dagoela aitortu zuen eta festa hauek txikitatik bizi izan dituela azaldu zuen. Konpartsetan dantzan eta lanean 30 urte daramatza: hasieran Los Corcones fanfarrean ateratzen zen eta ondoren, Karmelo Txiki konpartsan: "20 lagun hasi ginen eta orain 200 baino gehiago gara". Konpartsa honek, gainera, 20 urte beteko ditu aurten.
bigarren mendeurrena
Merkatua eta sokamuturra
Ohiko programazioaz gain, aurtengo Inauteriek berezitasunak ere izango dituzte: bigarren mendeurreneko ekitaldien baitan, XIX. mendeko merkatua antolatu dute astebururako. Hala, Zuloaga plazan, San Juan kalean eta Bretxa inguruan 100 postu baino gehiago izango dira, duela 200 urte bezala girotuak eta orduko jakiak dasta-tzeko eta erosteko aukerarekin. Momo izango da larunbat eguerdian merkatua zabaltzeko arduraduna.
Txapartegik donostiarrei merkatua bisitatzeko deia egin zien eta XIX. mendeko jantziekin kalera ateratzeko eskatu zien. 1813ko Donostiako bizimodua nolakoa zen jakiteko sokamuturra ere izango da larunbat arratsaldean Trinitate plazan, baita musika, antzerkia eta parodiak ere asteburu osoan zehar.