Donostia. Ohi bezala, Olentzero eta Mari Domingi hilaren 23an iritsiko dira Donostira, Gipuzkoako beste herriak bisitatu aurretik. Konkretuki, Antigua auzoan izango dira, 19.00etan Pio Baroja ingurutik aterako direlarik. Handik, Matia kalea zeharkatuz, Benta Berrira joango da euskal mitologiako bikotea.
José María Sert plazan umeek Olentzero eta Mari Domingi "zuzenean agurtu" eta gutunak emateko aukera izango dute. "Gainera haur txikienek txupetea uzteko garaia iristen zaienean, zilar-paperean gorde eta Olentzerori ematen diote eta trukean, intxaurrak eta fruitu lehorrak banatuko dizkiete", adierazi zuten atzo Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartetik.
Ekimen hau Bagerak antolatu du, Antiguako Auskalo aisialde taldea, Txirain elkartea eta Antiguotarrak dantza taldearekin. Bagerak aditzera eman zuenez, 23an egingo da desfilea, "talde bakoitzak bere egitekoak eta ohiturak izaten baititu" 24an.
Desfilean, Olentzero eta Mari Dominigiz gain, "hiru gurdi, artalde bat, ahuntzak, astoak, dantza taldeak, haurren abesbatzak, trikitilariak, txalapartariak" eta abarrek parte hatzen dute. Guztira, 275 pertsonek laguntzen diete Olentzero eta Mari Domingiri bere bidean.
Antigua auzora egingo duten bisitaz gain, Bagerak eta Antiguako taldeek beste bi ekimen prestatu dituzte datozen egunetarako.
beste bi ekimen Hilaren 10etik 19ra, Mari Domingi ikastetxez ikastetxe deituriko ekimena gauzatuko dute. Olentzeroren bikoteak Donostiako hamalau ikastetxe bisitatuko ditu "bere istorioa kontatu" eta Olentzeroren gutuna banatzeko. "Ekimen honen helburua abenduaren 23an Antiguan Olentzeroren ongi etorria indar-tzea eta euskararen erabilpena bultzatzea" dela esan zuten Bageratik.
Modu berean, ikazkinaren bikotea Antigua auzoan kokatzen den Donostiako Kafe Antzokian (Doka) izango da, abenduaren 20ean, 17.30ean, eta haurrei ipuin bat kontatzeko.