Donostia. Antenarik Ez! taldekoek ia 7.400 sinadura bildu eta udaletxean aurkeztu dituzte, udal Gobernuari egun indarrean dagoen telefono mugikorren antenei buruzko ordenantza alda dezan eskatzeko. Gainera, bilera bat ere eskatu dute ekimen honetako kideek Juan Karlos Izagirre alkatearekin eta udal taldeetako ordezkariekin.

Estaldura mantenduz, antenak hirigunetik ateratzea proposatzen du Antenarik Ez! taldeak, eta horrekin kutsadura elektromagnetikoaren maila nabarmen jaitsiko litzatekeela gaineratu du. Horrela, kutsadura hori muga baxuetan mantenduko litzateke, pertsona sensibleenak ez kalte-tzeko moduan (jende heldua, haurdun dauden emakumeak eta haurrak, bereziki). Erakunde asko ari direla horrelako neurriak har-tzearen alde egiten gaineratu dute talde honetako kideek beste behin ere.

Bestalde, ordenantza berria eskatzen dute Antenarik Ez! ekimenekoek eta bertan zentimetro karratuko 0,1 mikrowatio bakarrik onartzea planteatzen dute epe laburrean; epe luzera, berriz, muga hori zentimetro karratuko 0,01 mikrowatiora jaitsi beharko litzateke, talde honetako kideen ustez. Ordenantza telefonia mugikorreko antenei, pikoantenei eta Wi-Fi sareei aplikatu beharko li-tzaieke.

Gainera, Antenarik Ez! ekimenak jasotako sinadurek egun daukagun kutsadura elektromagnetikoaren mailaren inguruan kontrolak ere exijitzen dituzte.

Eskaera hauek OMEk egindako gomendioetan oinarrituta daudela diote, baita Europako Parlamentuaren asanbladak onartutako 1815. ebazpenean ere. Eta Eusko Legebiltzarra eta Gipuzkoako Ba-tzar Nagusiak aho batez ebazpen horretara atxikitu zirela gogoratu dute, Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Aldundiari, hurrenez hurren, gomendio horiek jarrai ditzatela eskatuz.